Munduko Txapelketa gazi-gozo bizitu dute

Imanol Garcia Landa 2025eko urriaren 2a

Matxalen Mendizabal, Mikel Uzkudun, Markel Jauregi eta Xuban Lopetegi.

Euskal selekzioa ordezkatuz, Argentinan izan dira bost irurar, xare modalitatean 23 urtez azpiko Munduko Txapelketan.

Argentinan jokatu da 23 urtez azpiko Trinketeko Munduko Txapelketa, eta bertan bost irurar izan ziren, xareko modalitatean euskal selekzioa ordezkatuz: Mikel Uzkudun hautatzailea, eta Oier Iturbe, Matxalen Mendizabal, Markel Mujika eta Xuban Lopetegi pilotariak. Laugarren geratu ziren txapelketan, eta ezin izan zuten dominekin itzuli, baina espero zituztenak baino emaitza apalagoak lortzeaz gain, bizitu zuten giroa nabarmendu dute.

Aurreikusitako maila ez zutela eman azaldu du Lopetegik: «Hori emaitzetan ikusten da. Baina txapelketa esperientzia bezala kontuan hartuta, hau da, zenbat lagun egin ditugun eta euskal selekzio bezala izan dugun giroa ikusita, oroitzapen onak ditut». Bide beretik, esperientzia gazi-gozoa izan zela gaineratu du Mendizabalek: «Nahiz eta txapelketara prestatuta joan ginen, eta aurreko hilabeteetan lan handia egin genuen, txapelketaren zazpi egun horietan ez zitzaigun jokoa atera. Hango trinketak gurearekin konparatuta desberdintasun asko zituen, eta trinketa barruan ez ginen eroso sentitu. Baina, selekzioaren barruan, giroa izugarri ona izan zen». Txapelketan zehar bizitu zuten presioa nabarmendu du Mujikak: «Frantziako atzelariek jokatzerakoan, adinez nagusiagoak, eskarmentuaren aldetik nabaritzen zen presioa eramateko zuten gaitasuna, partidan lasaiago ikusten zitzaielako».

Argentinarren aurka jokatutako ligaxkako lehenengo partidak baldintzatu zuen ondorengo partida guztien bilakaera, Uzkudunek azaldu duenez: «Lehenengo jokoa irabazi ondoren, bigarrengoa 15-14 galdu genuen, irabazten joan ondoren. Jokalariek behera egin zuten, eta horrek baldintzatu zuen gure jokoa». Txapelketako partida guztiei begiratuta, «talderik lehiakorrena» izan zirela gaineratu du. «Esperientzia horretatik ikasi, eta aurrera begira lanean jarraitu; ez dago besterik».

Une historiko bat bizitu zuten xarelariek, euskal selekzioak lehen aldiz parte hartzen baitzuen Munduko Txapelketa batean. «Nire herria ordezkatzeak motibatu ninduen eta harro sentiarazi», azaldu du Mendizabalek. Bost irurarrek herritarren berotasuna jasotzeko aukera izango dute larunbatean, udalak omenaldia egingo baitie, VII. San Migel Xare Irekiaren finalaren ondoren. Aurrera begira, Ametsa Pilota Elkarteko kide bezala, kluben arteko Iparraldeko Txapelketa jokatuko dute, bigarren mailan, abenduaren bukaera arte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!