Ospitale berria eraikitzeko beste urrats bat eman du udalbatzak

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko urriaren 2a

Ospitalea eraikiko duten eremuak gaur egun duen itxura; bidegorri berria egiten ari dira. J. A. D.

Behin-behinean onartu du HAPOko aldaketa puntuala; EAEko Lurralde Antolamendurako Batzordeak dagokion txostena egindakoan, behin betikoz onartuko dute aldaketa.

Udalbatzak behin-behinekoz onartu du HAPOko «24. Iurre» esparruko aldaketa puntuala eta dagokion Ingurumen-Azterketa Estrategikoa. Iraileko osoko bilkuran hartu du erabakia, aho batez. Osasun Sailak esparru horretan egin asmo duen titulartasun publikoko osasun zentroa eraiki aurretik egin beharreko tramitea da, lursail horiek birkalifikatu eta Eusko Jaurlaritzaren esku gera daitezen.

HAPOaren aldaketa honek, 8.543,84 metro karratuko azalera duen hirigintza azpieremu bat ezarri eta antolatzen du. Eremu horren barruan, 8.423,64 metro karratuko azalera duen lursail bat bereizten da, eta sestra gaineko eta sestrapeko eraikigarritasun fisikoa eta profila ematen zaio, eta erabilerak, eraikuntza eta urbanizazioa arautzeko irizpideak finkatu dituzte.

Amaitzear dira udalak lursail horiek Osasun Sailaren esku jarri ahal izateko egin beharreko lanak. Aldaketa puntualaren dokumentazio osoa EAEko Lurralde Antolamendurako Batzordeari bidaliko dio udalak, dagokion txostena egin dezan. Txosten hori jasotakoan, behin betikoz onartuko dute aldaketa, udalbatzan. Azkenik, lagapena izapidetu ondoren, Osasun Sailaren esku geratuko dira lursailak.

Udalaren jabetzakoak ez diren bi orube ere badaude eremu horretan. Uztaileko osoko bilkuran, EAJk horiek eskuratzea proposatu zuen, eta Hirigintza Sailak gaia aztertu ondoren, proposamena ontzat eman da. Horrenbestez, udalak abian jarriko ditu orube horiek bere gain hartzeko lanak, Jaurlaritzari egin beharreko lagapena errazagoa eta azkarragoa izan dadin.

Xarles Iturbe zinegotzi jeltzaleak osoko bilkuran esan zuen, ospitalearen gaia bideratzeak kezka bati erantzungo diola, baina beste behar bat ere sortuko duela: kamioientzat kokapen alternatibo bat pentsatu beharko duela udalak. Lanketa horretan hasi al diren galdetu zion udal gobernuari. Andu Martinez de Rituerto alkateak erantzun zion azterketa ez dela egin oraindik: «Tolosak azalera libre gutxi du, eta ez da erraza izango arazo horri konponbidea topatzea. Ondo bidean, lanak ez dira hasiko 2027a baino lehen. Oraindik plan funtzionala definitu behar da, proiektua egin, eta ondoren, obrak lizitatu. Espero dugu bi urteotan konponbidea topatzea».

Arramele eta Trianguloa

Arrameleko zubiaren bidegorria eta oinezko bideak konpondu eta berrantolatzeko eta biribilgunea moldatzeko lanak ere hizpide izan dira iraileko osoko bilkuran. Exekuzio-proiektua jada eginda dago, baina lanak egin ahal izateko lursail zati bat desjabetu behar da. Bada, udalbatzak aho batez onartu du desjabetze horren akta egiteko data: urriaren 14a. Lursail zatia desjabetu ondoren, martxan jarriko da obraren lizitazioa.

Hirigintzari lotuta, Trianguloa plazako zoru aldaketaren gaia ere mahai gainera eraman zuen Patxi Amantegi zinegotzi jeltzaleak. «Pentsatzen genuen legealdi honetan egingo zela inbertsioa, baina zoritxarrez, ikusi dugu kontratazioko lehentasunetatik desagertu dela. Iruditzen zait, aurten ez badu aurrera egiten, ez dela legealdi honetan gauzatuko. Duen larritasun-maila ikusita, zer interbentzio aurreikusten duzue?», galdegin zion udal gobernuari.

Ander Figuerido EH Bilduko zinegotziak erantzun zion enpresa bati esleitu zitzaiola proiektua, eta laster amaituko duela idazketa. «Ondoren, azpian dauden garajeetako jabeekin hitzarmen bat sinatu beharko da. Behin hori egin ondoren, eta obra onartu eta gero, esleitu egingo da. Espero dut datorren urtean egitea».

Bestetik, udalbatzak behin betiko onartu du Tolosako Irisgarritasun Unibertsalaren Plan Integrala. 2003koa da Tolosan onartutako azkena, eta ordutik ez da eguneratu. Bada, 12 urterako plangintza batean jaso dituzte jarduketak.

Zehapen espedientea

Hiribusa kudeatzen duen enpresari zehapenak aplikatzeko espedientea iraungitzat jotzea ere onartu du udalbatzak, udal gobernuaren aldeko bozkekin. Urtarrilean onartu zuen udalbatzak espedientea irekitzea, enpresa esleipendunak zerbitzu-kontratuan hitzartutako baldintzak betetzen ez zituela argudiatuta. Legearen arabera, zehapen espediente bat sei hilabetetan ebazten ez bada, iraungitzat jo behar da. Kristina Pelaez EH Bilduko zinegotziak iraileko bilkuran adierazi zuen udalak ezin izan duela ebatzi. Ondorioz, iraungitzat jo da espedientea.

EAJk eta PSE-EEk abstentziora jo zuten. Alderdi jeltzaleak «seriotasun falta» leporatu zion udal gobernuari. «Zerbitzuaren inguruko kexak oraindik badaudela jakinik, ezin da ulertu prozedura iraungitzen uztea. Surrealista da», esan zuen Ainhoa Dominguez zinegotziak. Jeltzaleek adierazi dute, gertatutakoa azaltzeko, udal gobernuak teknikari falta argudiatu duela. «Gobernatzea lehentasunak ezartzea da, baina udal gobernu honek espediente hau iraungitzen utzi du, beste lehentasun batzuk ezarri dituelako», gaineratu zuen zinegotziak bilkuran.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!