Tolosa CFren futboleko gizonekoen lehen taldeak ligako hiru partida jokatu ditu dagoeneko, eta lehenengoa galdu ondoren, beste biak irabazi egin ditu. Ligaren hasieraren balantze positiboa egin du Josu Ibarbia entrenatzaile ibartarrak: «Lehenengo partida ez zen oso ona izan, eta zalantzak izan genituen aurkari on baten kontra. Planteamendu on bat egin zigun eta ez genuen lortu aurre egitea. Urolaren aurka jokatu genuen bigarren partida, etxean, eta hor aurrerapausoa eman genuen. Eta azkeneko partidan, Beasain Bren aurka, taldeak oso ondo jokatu zuen aurkari on baten aurka».
Pasa berri den asteburuan jokatu zuen Tolosa CFk Beasain B taldearen aurka, etxean, eta 3-1 irabazi zuen. «Zaila jarri ziguten partida, jokalari oso onak dituztelako, oso fisikoak, eta badakitelako nola jokatu. Oso ondo prestatutako taldea da, batez ere baloiarekin», esan du Ibarbiak. Lehenengo minutuetan gola sartu zuten, eta ondoren aurkarien gola iritsi zen. «Bigarren zatian aurrerapausoa eman genuen, eta hor irabaztea lortu genuen. Hiru puntu oso garrantzitsu dira, konfiantza handia eman diguna hurrengo partidari begira».
Zumaiakoren aurka jokatuko dute asteburu honetan, aurkarien zelaian. «Beraiek jende handia dute, eta zelaia txikia denez, geldikako jokaldietan min egiteko arriskua dute», esan du Tolosa CFko entrenatzaileak. «Badakigu zertara goazen eta zein den gure lana. Hasieratik, jokaldi horietan indartsu egon behar dugu, behar bezala aurre egiteko».
Zazpigarren postuan dago Tolosa CF, sei punturekin. Lehen zortzi postuetan dauden taldeen artean puntu bakarreko aldea dago. «Ikusi ditudan partidak oso lehiatuak izan dira denak, bai gure kontrakoak eta bai besteen artekoak. Horrek esan nahi du partida bakoitzean gure onena eman beharko dugula partida aurrera ateratzeko», azaldu du Ibarbiak. «Horrelakoa da liga hau, eta garbi dugu egunez egun dena emanda entrenatu beharko dugula, ahalik eta ondoen, gero partidara ondo iristeko eta gure onena emateko».
Denboraldia hasi aurretik baloiarekin protagonista izan nahi zutela esan zuen Ibarbiak, eta baloia ez zutenean, modu bizi batean presionatzea baloia segituan berreskuratzeko. «Orokorrean, nahi dugun jokatzeko modua egiten ari gara. Lehen bi partidetan baloiarekin protagonismo gehiago izan genuen, eta azkenekoan gutxiago, baina gustura gaude, taldea sistema ezberdinetara egokitzen ari delako», zehaztu du Ibarbiak. Era berean, pozik dago «taldea erakusten ari den ausardiarekin eta golak sartzeko duen grinarekin».
Aldaketak izan dira jokalarien aldetik. «Gustura nago taldearekin, denak etxekoak dira, elkar ezagutzen dute, eta horrek eragin positiboa izan behar du», esan du entrenatzaileak. Une batzuetan talde gaztea dela nabaritzen dela dio, baina ikaskuntza prozesuan daudela gaineratu du. Zerumugan Hirugarren Mailara igotzeko helburua badute ere, Ibarbiak argi du hurrengo partidan pentsatuz egin nahi duela aurrera denboraldian.