Zortzi eguneko jai egitaraua osatu dute Berazubin, urriaren 4tik aurrera

Ataria 2025eko urriaren 1a

Berrikuntza nagusien artean, paella txapelketa eta danborrada aurkitzen dira. Jaien hasierako txupinazoa, Ester Iturriozek botako du.

Ester Iturriozek ez du Berazubi auzoan lo egiten, baina bizi, bertan bizi da. Txupinazoa botako zuela esan ziotenean, auzo guztia zeharkatu zuen mundu guztiari albistea kontatuz. Osasunak laguntzen baldin badio, larunbatean auzoan izango da jaiei hasiera emateko.

Berrikuntzen artean I. Paella Txapelketa aurkitzen da. Urriaren 12an izango da, jaien azken egunean. Antolatzaileen esanetan, lehen ere egiten zen paella txapelketa, baina ohitura galdu egin zen. Orain, berreskuratzeko gogoz azaldu dira. Danborradari dagokionez, aldaketak izango dira aurtengo jaietan. Alde batetik, ordutegia aldatu dute, gauetik arratsaldera pasatuz. Bestetik, auzoan gero eta haur eta gazte gehiago dagoenez, denentzat ateak zabaldu dituzte. Hortik ordu aldaketaren arrazoia.

Ohar bat ere zabaldu nahi izan dute Berazubiko Jaien antolatzaileek: «Akats bat medio, egitarau batzuetan Tolosako Udal Musika Bandaren emanaldiaren ordutegia gaizki dago. Emanaldi hori urriaren 10ean izango da, 19:00etan».

Egitaraua

Urriak 4, larunbata
  • 10:00. 3x3 futbol txapelketa (2012-2013 eta 2014-2015 urteetan jaiotako haurren artean). Izen ematea, auzo elkartean.
  • 12:30. Txupinazoa, Iurreamendi Egoitzako Ester Iturriozen eskutik.
  • 13:00. Futbol txapelketako finalak.
  • 17:00. Pottoka ibilaldiak auzoko kaleetan.
  • 18:30. Txokolatada plazan.
  • 19:30. Gandelus taldearen emanaldia.
  • 21:30. Auzo afaria plazan (bakoitzak berea eraman behar du).
  • 23:30. Moonshine Wagon taldearen emanaldia.
  • Ondoren, Ska-pa (Ska-p taldeari omenaldia).
Urriak 5, igandea
  • 12:00. Gizonezkoen Toka Txapelketa plazan.
  • 14:30. Euskal Parrillak zerbitzaturiko bazkaria plazan.
  • Ondoren, Peru.
  • 18:30. Julen magoa haurrentzat.
Urriak 6, astelehena
  • 19:30. Partikularrentzako aseguruei buruzko ikastaro praktikoa auzo elkartean. Hizlaria: Luis Mari Alonso.
Urriak 7, asteartea (atseden eguna)
Urriak 8, asteazkena
  • 19:00. Ardo dastaketa. Plaza mugatuak (izen ematea auzo elkartean).
Urriak 9, osteguna
  • 19:00. Etxeko kroketa lehiaketa plazan (bertan frijitu beharko dira).
  • 19:00. Txosnan, pintxo poteoa.
Urriak 10, ostirala
  • 18:15. Buruhandiak auzoko kaleetan.
  • 19:00. Tolosako Udal Musika Bandaren kontzertua.
  • Jarraian, auzo afaria (norberak berea eraman behar du).
  • 22:30. Alaiki taldearen erromeria.
Urriak 11, larunbata
  • 11:00. Xake Txapelketa.
  • 12:00. VI. Europako Txapel Jaurtiketa Txapelketa.
  • 16:00. Mus Txapelketa Azkarra plazan (izen emate epea 15:50ean itxiko da).
  • 18:00. Danborrada auzoko kaleetan.
  • 19:30. Malibu Show orkestraren lehen emanaldia.
  • 21:00. Danborradako partaideen afaria (norberak berea eraman behar du).
  • 22:15. Su artifizialak Berazubi pirotekniaren eskutik.
  • 22:30. Malibu Show orkestraren bigarren emanaldia.
  • Ondoren, DJ Parri.
Urriak 12, igandea
  • 09:15. Diana auzoko kaleetan zehar, Tolosako Txistulari Bandaren eskutik.
  • 11:30. Emakumezkoen toka plazan.
  • 12:30. Udaberri eta Valladolideko (Espainia) Viana de Cega dantza taldeen emanaldia.
  • 14:30. Paella txapelketa.
  • Ondoren. Bazkaria eta Primo Bayo.
  • 18:30. Patata tortilla erraldoia.
  • 20:15. Kalejira lokaletik plazara arratoiarekin.
  • Ondoren. Arratoiaren erretzea.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!