Tokiko energia-komunitateen inguruan hausnartu eta eredu hori sustatzeko saio irekiak egin ziren Tolosan, apiriletik ekainera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Eraldaketa Energetikorako Bulegoaren eskutik. Udalak esan du interes handia piztu duela gaiak, eta ondorioz, prozesuarekin jarraitzea erabaki du.
Helburu horrekin, beste 6 saio ireki eskainiko dituzte. Saio horietan tokiko energia-komunitatea bera sortzea izango dute hizketagai eta parte hartzean oinarrituko dira. Komunitate izaera jorratzeko lanketa egin ez ezik, sortze-prozesuari buruzko aholkularitza emango dute saioetan: nola egituratu, forma juridikoak, tramiteak, egin daitezkeen proiektuak, adibideak… Goiener eta Farapi kooperatibetako adituek gidatuko dituzte saioak.
Lehen saioa urriaren 7an izango da, 18:00etan, Antonio Maria Labaien Kultur Etxeko areto nagusian. Gainerako saioetako datak lehen hitzordu horren ondoren finkatuko dituzte, aurrera egiteko interesa duten pertsonen aukeren arabera. Gaian interesa izan baina saioetara joan ezin dutenek, berriz, erabaki.tolosa.eus plataformaren bidez jarraitu ahal izango dute prozesua. Dena dela, informazio gehiago eskuratu nahi dutenek, ingurugiro@tolosa.eus helbidera idatzi dezakete.
Zer da energia-komunitate bat?
Ekonomia sozialeko irabazi asmorik gabeko erakunde juridikoak dira. Elkarrengandik hurbil dauden etxe, denda, enpresa, elkarte eta erakunde publiko zein pribatuak biltzen dituzte, helburu batekin: energia berriztagarriak euren kabuz sortu, kontsumitu eta kudeatzea.