Hizkuntza gutxituak dituzten komunitateen esperientzia

Ataria 2025eko irailaren 30a

Aste honetan generoari buruzko tailer batean parte hartu dute programan parte hartzen ari diren aktibistek.

Nasa, bubia eta mixea komunitateetako errealitatea kontatuko dute ostiralean, urriaren 3an, Aditu programan parte hartzen ari diren hiru aktibistak.

Hizkuntzak Biziberritzeko Aditu Formazio Programan parte hartzen ari diren kideak Tolosan izango dira ostiralean, urriaren 3an. Batetik, Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkartea eta bere egitekoa ezagutzeko aukera izango dute, eta bestetik, hitzaldi bat emango dute. Hitzaldia Galtzaundiren egoitzan izango da, 18:00etan, eta hiru hizkuntza komunitateren esperientziak ezagutu ahalko dira.

Hain justu, Kolonbiako nasa komunitateko Jonnier Andrel Quiguapumbo Dizu, Ekuatore Gineako bubia komunitateko Bësákkò biá Rihólè eta Mexikoko mixea komunitateko Tonantzin Díaz Robles izango dira hizlariak. Hizkuntzen eta komunitateen errealitateak, esperientzia pertsonalak eta erronkak eta ametsak partekatuko dituzte bertaratzen direnen artean.

Garabide Kultur Elkarteak koordinatzen du Aditu programa. Garabide gobernuz kanpoko erakundeak munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak laguntzea eta indartzea du helburu, euskararen esperientzia abiapuntu hartuta. Elkartearen proiektuen artean nabarmentzen da Hizkuntzak Biziberritzeko Formazio Programa (Aditu), helburu bikoitzarekin: batetik, munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuetan ari diren komunitateetako ordezkariak trebatu eta saretzea, euskararen esperientzia partekatuz; bestetik, euskal gizartea hizkuntza aniztasunaren eta hizkuntza gutxituen egoeraren inguruan sentsibilizatzea.

Proiektu honi esker, biziberritzen ari diren munduko komunitateek esperientziak eta jakintza trukatzen dituzte, gogoeta eta elkarren arteko ikasketa sustatuz. Mundu osotik iritsitako 18 hizkuntza-aktibista dira aurtengo programako partaideak eta sei asteko egonaldia egiten ari dira Euskal Herrian zehar, euskararen biziberritze eredua ezagutzeko. Aktibista horiek kitxua, Yukatango maia, ketxua, maputxea, nasa, mixea, bubia, amaziga eta guarania komunitateetakoak dira, besteak beste.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!