Asteazkenean, urriak 1, Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna izango da, eta ospakizunarekin bat egingo du Mugi Tolosak. Egun horretan abiatuko da bakardadeari eta sedentarismoari aurre egitea eta adinekoen artean ohitura osasungarriak sustatzea helburu duen ekimena; aurtengoa, hamabigarren edizioa izango da.
Ikasturte honetan, guztira, 31 irteera egitea aurreikusi dute antolatzaileek. Horietako hamabi aurten izango dira, eta beste hemeretziak, 2026an, ekaineko lehen astera bitarte. Asteazkenero egingo dituzte ibilaldiak herrian zehar, jaiegunetan, Gabonetan, inauterietan eta Pazko astean izan ezik. Bi taldetan banatuta egiten dituzte ibilaldiak. Lehen taldea 10:30ean abiatzen da, eta 5 kilometro inguruko ibilbidea egiten du. Bigarrena, 11:00etan ateratzen da, eta kilometro bakarreko bidea egiten du. Azken hau, mugikortasun murritzagoa duten pertsonei bideratua dago. Zerkausia izaten da irteera gunea.
Beste urte batez, ekimenean ez dute adineko pertsonek soilik parte hartuko. Izan ere, boluntario eta ikasle sare batek lagunduta egingo dituzte ibilaldiak. Udalak ez ezik, Inmakulada Lanbide Heziketa Ikastolak, Herrikidek, Laskorain Ikastolak, Orixek, Tolosako OSIak, Iturriza eta Harizpe erretirodunen elkarteek, Gurutze Gorriak, Ilarkik, Asuncion klinikak, Nagusilanek, Goyeneche Fundazioak eta Iurreamendi eta Uzturre egoitzek ere parte hartuko dute.
Aurreko edizioan, 3.408 parte hartzaile
2024-2025 ikasturtean 32 saio egin zituzten guztira, eta 183 pertsonak parte hartu zuten uneren batean. Ekitaldi guztietako parte hartze datuak batuta, orotara, 3.408 parte hartzaile izan ziren. «Ohitura osasuntsuak sustatzeaz gain, parte hartzaileen arteko sozializazioan ere jartzen du arreta Mugi Tolosak. Izan ere, zahartze aktiborako tresna izateaz gain, topagune ere bihurtu da, lagunartean kalera ateratzeko eta ibilbideez gozatzeko aukera eskaintzen baitu», adierazi du udalak.
Mugi Tolosan parte hartzeko ez dago adin- edo gaitasun-mugarik. Ez da izen ematerik behar. Interesdunek, asteazkenetan Zerkausira joan besterik ez dute, azaldutako orduetan.