Hirugarren urtez zaintzaileei zuzendutako prestakuntza programa abiarazi dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberri fundazioak. Helburua da zaintzaileek profesionaltasun ziurtagiria izatea Laguntza Pertsonalerako Prestazio Ekonomikoaren (LPPE) esparruan lan egin ahal izateko. Formakuntza doakoa da, urriaren 3an hasiko da eta oraindik badago izena emateko aukera. Ikastaroak 480 prestakuntza ordu ditu eta prestakuntza mistoa izango da; alde batetik, autoprestakuntza egingo dute eta, bestetik, prestakuntza zentroetara joan beharko dute bakarka edo taldean lan egiteko. Bereziki formakuntza honetarako prestatutako materiala jasoko dute. Lurraldeko hiru zentrotan egin ahalko da prestakuntza hau eta horietako bat Tolosan dagoen Inmakulada Lanbide Ikastola da. Beste biak Donostiako Nazaret eta Bidasoako Plaiaundi zentroak dira. Izena emateko zentroetara deitu behar da.
80 pertsona formatu nahi dituzte hirugarren edizio honetan eta gogoratu dute aurreko bi edizioetan 200 bat pertsonak jaso dutela ikastaroa. Premiazko prestakuntza behar bati erantzuteaz gain, ikastaroa jasotzen duten pertsonei egokitzen direla gehitu du Rakel San Sebastian Adinberriko zuzendariak. «Zaintzaile horien enplegagarritasuna eta aintzatespena hobetzera bideratuta dago proiektua. Langile horiek ikastaroak egiteko dituzten oztopo nagusiak eraisten dira, hala nola kontziliazioa, eten digitala edo hizkuntza-segurtasunik eza», gehitu du.
Mendekotasun egoera
Gipuzkoako Foru Aldundiak esan du 2030ean 36.000 pertsona inguru egongo direla mendekotasun egoeran Gipuzkoan — gaur egun 31.024 pertsona dira —, eta gehienek zainketak beharko dituztela beren etxeetan. «Erronka honi erantzun ahal izateko, Gipuzkoak 9.000 pertsona inguru beharko ditu arlo honetan. Era berean, sektoreko lanak ere gora egingo du etengabe; izan ere, kalkuluen arabera, Euskadin 25.000 enplegu inguru izango dira zuzeneko zaintza-lanetan». Gehitu duenez, gehienetan zaintza lan horiek emakume migratzaileek egiten dituzte eta formakuntza egokia jasotzeko arazoak izaten dituzte.