Bi proba izango ditu Tolosako XXXVII. Herri Krosak

Ataria 2025eko irailaren 22a

Iazko edizioan, korrikalari bat helmugara iristen. LEYRE CARRASCO

Ohi bezala, urriaren 12an izango da eta, lehen aldiz, 5 eta 10 kilometroko lasterketa bana prestatu dute.

Aurten ere, San Esteban auzoko Ttonttor Auzokide Kultur Elkarteak, Tolosako Herri Krosa antolatu du; 37. edizioa izango da. Ohi bezala, urriaren 12an egingo dute, auzoko kultur astearen barruan. Bada, parte hartzaileei aukera berriak eman asmoz, aurten, berrikuntza bat izango du krosak. Bi lasterketa izango dira, aldi berean: 5 eta 10 kilometroko bana. Erabat laua den bost kilometroko zirkuitu bat diseinatu dute. Korrikalari batzuek bira bat eman beharko diote; beste batzuek, berriz, bi.

Antolatzaileen ustez, formatu hau «erakargarriagoa» da parte hartzaileentzat. «10 kilometro egitera ausartzen ez direnei lasterketa herrikoiagoa eta errazagoa egiteko aukera eman nahi diegu. Aldi berean, lasterketetan aritu ohi diren korrikalariei bi probatako batean erreferentziazko markak egiteko aukera eman nahi diegu», azaldu dute.

11:00etan hasiko da krosa, eta bi probatako batean parte hartu nahi duenak Kronoak.com webgunean eman behar du izena; 13 euro ordaindu behar da. Ondoren, urriaren 11n, 11:00etatik 20:00etara bitarte jaso ahal izango du dortsala, Ttonttor Elkartearen lokalean (Ferialekua). Hilaren 12an, 10:00ak baino lehen ere jaso ahal izango da dortsala.

Ondoren, haurren txanda

Helduen krosa amaitutakoan, haurren txanda izango da. 12:00etan hasiko da Tolosako X. Txiki-Krosa, eta bi kategoria izango dira: 9 urte artekoak (500 metro) eta 10 eta 14 urte bitartekoak (1.250 metro). Ez da sailkapenik egongo, eta, izena emateko, Saharako kanpamenduetara bidaltzeko eskolako materiala eraman beharko da, egunean bertan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!