Bazkari herrikoia, garagardoaren bueltan

Leyre Carrasco 2025eko irailaren 21a

TAKEk antolatzen duen Garagardo Azokaren azken eguna ari dira ospatzen, eta eguerdian, bazkari herrikoia egin dute.

Azken lau egunotan garagardo festaren bueltan bildu dira tolosarrak, eta gaur izango dute hortaz gozatzeko azken eguna. Eguerdian jende ugari bildu da Zerkausian, lehen aldiz, bazkari herrikoia antolatu baitute TAKE saskibaloi taldekoek.

Alain Rekondo arduraduna pozik agertu da emaitzarekin: «Tiketak aldez aurretik geneuzkan salduta, eta beraz, bagenekien zenbat jende etorriko zen. Bazkari herrikoi honek azokari giro desberdina ematen diola iruditzen zait, familiarragoa. Gainera, goizean, umeentzako jolasak antolatu ditugu eta ekimen polita dela uste dut».

Hala ere, atzo iluntzean izan zuten giroa ere nabarmendu du antolatzaileak: «Eguraldi onak garagardoa saltzen laguntzen du, baina larunbateko euri zaparradak ere lagundu zuen jendea Zerkausian babesean sentitzen eta giro hori ere polita izan zen».

Orokorrean, aurtengo azoka positiboki baloratu du Rekondok: «Herriari beste festa bat ematen diogula uste dut, giroa polita da eta TAKE saskibaloi taldekoen artean ere lotura estua sortzen laguntzen du azoka hau antolatzeak. Beraz, eskerrak eman nahiko nizkioke bai saskibaloi taldekoei, baita lagun, senide eta gainontzeko balontarioei ere».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!