Tolosako EAJ-k 'Israel suntsitu' dioten pintaketak txarretsi ditu

Ataria 2025eko irailaren 20a

Tolosako PSE-EE alderdiaren egoitzan egindako pintaketa. Iturria: Tolosako EAJ

Alderdi jeltzaleak kezka eta gaitzespena adierazi du eta bereziki salatu du PSE-EEren Tolosako egoitzan egindako pintaketa.

Tolosako Uri Buru Batzarrak kezka eta gaitzespena adierazi du herrian Israel suntsitu dioten pintaketak azaldu direlako. «Hori ez da gure gizartearen gehiengoa Gazan Palestinako herriaren aurkako genozidioaren gaitzespen erradikalenean batu dezakeen bitartekoa, ezta mezua ere. Aitzitik, horrelako bitarteko eta mezuek gizartea zatitzea eta sarraski hark merezi duen erantzun zibikoa eta politikoa ahultzea lortzen dute», esan du. Gehitu du Tolosako PSE-EEren egoitzan egindako pintaketak gaitzespen berezia merezi duela «askatasunaren eta aniztasun politikoaren aurkako eraso larria delako eta iraganeko garai mingots eta tristeetara eramaten gaituztelako. EAJk elkartasuna adierazi nahi die Tolosako talde sozialistari eta bere militante eta jarraitzaile guztiei».

Aldi berean, Tolosako alkateari «azkar erreakzionatzeko» eskatu dio; «lehenik eta behin, udalak adierazpen irmoa eta argia egin behar du eraso horien aurrean gaitzespen instituzionala adierazteko. Bigarrenik, indarkeriaren apologia edo gonbita iradokitzen duen edozein mezu onartezina da gaur egun gure espazio publikoan, eta udalak horren arabera jokatu behar du».

EAJ alderdiak gehitu du bat datorrela Gazan herri palestinarra pairatzen ari den genozidioaren gaitzespen erabatekoarekin eta bihar Donostian egingo duten manifestaziora batzeko deia egin du. «Hala ere, Palestinan gertatzen ari denaren aurka egoteak ez du legitimatzen ez edozein bitarteko, ez edozein eslogan. Tolosako EAJk biktimekiko elkartasuna eta Israelgo sarraskiaren gaitzespena irmotasunez, argitasunez eta batasunez adieraztera gonbidatzen du, baina betiere bide baketsu eta zibilizatuen bidez».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!