Mugikortasun jasangarria erdigunean

Ataria 2025eko irailaren 20a

Bigarren eskuko bizikleten azokak hartu du gaur, San Frantzisko pasealekua. Hitzorduak interesa piztu du, urteroko moduan, eta bizikletak erosteko edo saltzeko gerturatu direnez gain, izan dira oinarrizko konponketak egiteko ikastarora gerturatu direnak.

Tolosa Mugikortasun Astean dago murgilduta eta goizean bigarren eskuko azoka egingo du Gurpilguneak San Frantzisko pasealekuan, Artxiboaren parean. Bigarren eskuko bizikleta eta materiala erosi ez ezik, uzteko aukera ere izan dute herritarrek, eta bi bi bizikleta elektrifikatu ere izan dituzte bertan, herritar orok probatzeko. Oinarrizko  mekanika ikastaro bat ere egin dute.

Mugikortasun Astearekin jarraituz gaur 16:00etatik bihar 20:00ak arte Tolosako erdigunea –udal musika eskola partetik Trianguloa plazara arte– oinezkoentzat izango da. Tarte horretan, udal musika eskolako eta San Frantzisko elizako autobusen geltokiak Santa Klarara aldatuko dituzte, baita Hiribusarena ere. Foru etorbidea zeharkatuta, San Frantzisko pasealekuan sartu eta ohiko bideari jarraituko diote gero. Salbuespen bakarra ibilbide luzeko gaueko autobusena da —Madrilera, Bartzelonara eta Alacantera doazenak, alegia—, horiek Rondillan, musika eskolaren parean egingo dute geldialdia, ohiko moduan. Andia eta Inpernu kaleko garajeetara Gorosabel eraikinaren atzetik sartu beharko da.

Espazioaz gozatzeko, kirolarekin eta kulturarekin lotutako jarduerak ere antolatu dituzte, baina eguraldi iragarpena ikusita gaur arratsaldeko ginkana eta biharko ipuin kontaketak Alondegia plazan egingo dituzte.

Mugikortasun Asteko egitaraua

Gaur, irailak 20, larunbata

  • 09:00-15:00: San Frantzisko pasealekuan bizikleten bigarren eskuko azoka, Gurpilgunearen eskutik. Horren barruan zulaketak konpontzeko tailerra eskainiko dute 10:00etatik 11:30era eta elektrifikatutako bizikleta eredua erakutsiko dute.
  • 16:00etatik aurrera: Rondilla kalea oinezkoentzat.
  • 17:00-19:00: Alondegia plazan ginkana eta zinta-jokoa, 4-12 urte bitartekoentzat. Parte hartzeko bizikleta edo patinetea eraman behar da, eta derrigorrezkoa da kaskoa eramatea.

Bihar, irailak 21

  • Egun osoan zehar, 20:00ak arte: Rondilla kalea oinezkoentzat.
  • 18:00etatik aurrera: Intujairen Kamishi-Jai ipuin kontaketa Alondegia plazan.

Irailak 23, asteartea

  • 18:30: kultur etxeko areto nagusian Ander Gortazar arkitektoa eta EHUko irakaslearen Tolosako mugikortasunaren inguruko hitzaldia.

Irailak 23, 24, 25 eta urriak 3

  • Bide-hezkuntzako saioak ikastetxeetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!