EAJk adierazi duenez, Tolosako San Esteban auzoko eremua «etxebizitzaren arazoari eta eskariari erantzuteko gune estrategikoa da Tolosan eta babes publikoko etxebizitzak egiteko geratzen zaigun lurzoru-erreserba garrantzitsuena da». Hori dela eta, EAJk uste du ezin dela eremuak eskaintzen dituen aukerak erabili gabe utzi, eta EH Bilduren 450 etxebizitzako proposamena «motz» geratzen dela deritzo.
Jeltzaleek diotenez, EH Bilduk aurkeztutako proposamenarekin eraikigarritasuna 0,84 m² (sabai) / m² (zoru) izango litzateke . EAJren ustez, kopuru hori legezko tartearen barruan egon arren (0,4 - 2,3 m²), eremuak eskaintzen duen potentzialaren «azpierabilera nabarmena» suposatuko luke, «etxebizitza eskaerari erantzuteko aukera ezin hobe bat galduz».
Horiek horrela, EAJk gutxienez 650 etxebizitza eraikitzea proposatzen du, eta horietatik, %70 babespeko etxebizitza izatea. Zentzu horretan, EH Bilduren proposamenean babestuak % 60 izango liratekeela nabarmendu dute. Hala, EAJk proposatzen du 227 babes ofizialeko etxebizitza izatea, 227 babestu-tasatuak eta 196 merkatu librekoak. «Hau da, EH Bilduren proposamenarekin alderatuta, 184 etxebizitza babestu gehiago eraikiko lirateke».
Jeltzaleek diote, San Estebango lurzoruen %50 baino gehiago Tolosako Udalaren jabetzakoak izanik, horrek «aukera paregabea» ematen duela etxebizitza soziala, babestua eta eskuragarria sustatzeko. «Aukera horren aurrean, udalak erantzukizunez eta ikuspegi estrategikoarekin jokatu beharko luke, luzerako begirada batekin».
EAJren ustez, ezin da «etxebizitza-larrialdia» aipatu, Tolosa «gune tenkatu» izendatzearen aldeko apustua egin edota behin eta berriz Jaurlaritzako etxebizitza eskatzaileen zerrendetan zenbat tolosar dauden gogoraraztea, eta, aldi berean, etxebizitza gehiago sortzeko aukera garbi bati uko egin. «San Esteban auzoko garapen urbanistikoa herri ikuspegitik landu behar da, tolosar guztien interes orokorra lehenetsiz», esan dute.
Jeltzaleek diotenez, «etxebizitza duin eta eskuragarri bat eskuratzea, edozein gazterentzat (baita beste kolektibo batzuentzat ere) bizitza proiektuari ekiteko urrats nagusienetako bat da. Aukera errealak sortu behar ditugu, Tolosan bizi eta Tolosan etorkizuna eraiki nahi duten belaunaldiei ateak irekiz».
Tolosako EAJko udal taldeak ekarpen hauek Tolosako Udalean aurkeztu ditu, «urtea amaitu aurretik finkatuko baitira etorkizuneko San Esteban auzoaren izaera urbanistikoa definituko dituzten oinarriak».