Flora exotiko inbaditzailea kenduko dute, Oria ibaiaren ertzean

Ataria 2025eko irailaren 18a

Ostirala bitarte egingo dituzte lan horiek Aranzadi elkarteko adituek.

Oria ibaiaren ertzean dagoen flora exotiko inbaditzailea kenduko du Tolosako Udalak. Hain justu, atzo hasi ziren lanean eta bihar arte ariko dira. Lan horiek 2025ean hasitako proiektu baten parte dira, Oria ibaia kudeatzeko tresna eraginkor bat izateko helburua duena.

Hain justu, helburu horrekin, Oria ibaiko flora espezie inbaditzaileak identifikatu, erregistratu eta kartografiatu dituzte azken hilabeteotan. Udalak esan duenez, tresna horrek etorkizunean kontrol errazagoa izatea eta monitorizatzeko aukera emango du. Bada, identifikazio lan hori amaituta, kendu egingo dira.

«Askotan jaso izan ditu udalak Oria ibaiaren ertzetan dagoen landaredia kentzeko eskaerak. Ura agentziaren irizpideen arabera, ordea, hori ezin da nolanahi egin. Landarediak ibaiaren biodibertsitatea babesten eta arroaren egonkortasuna indartzen lagundu ez ezik, larrialdien aurrean segurtasun handiagoa ematen dio, uraren abiadura gutxitzen baitu. Baimenduta dauden interbentzioetako bat da inbaditzaileena, baina lehenago kartografia lan hori eguneratu dugu», azaldu du Aitor Agirresarobe, Ingurumen zinegotziak.

Garrantzitsua da azpimarratzea 2025eko ezabatze-lan horiek ez direla aldi bakar batera mugatuko; hurrengo urteetan modu jarraituan garatuko direla aurreikusten da, ibaiertzeko ekosistemaren kudeaketa jasangarriagoa izateko eta espezie hauek tokiko biodibertsitatean duten eragina minimizatzeko.

Aranzadi Zientzia Elkarteko adituek egingo dituzte lanak egunotan, eta jarduerak dagozkion segurtasun-neurriak izango ditu, eta ingurune naturala eta indarrean dauden araudiak errespetatuz egingo da.

Horrez gain, Udala eta Ura agentzia harremanetan dira, aurrera begira, ibaiaren garbiketa egiteko baimendutako lan osagarriak egiteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!