15 urte dira Tolosan eskualdeari zabaldutako egoitza duzuela, zer eskaintzen duzue bertan?
Minbizia duten pertsonei eta senitartekoei arreta zuzena eskaintzen diegu eta gaixotasunaren aurrean prebentzioa ere lantzen dugu. Hiru langile aritzen gara Tolosan; Amaia Elosegi gizarte langilea, eta osasun arloko psikologoak garen Nagore Oroz eta ni neu. Gizarte langilea minbizia duten pertsonen eta senitartekoen arretaz arduratzen da, bereziki arlo sozialean. Adibidez, material ortopedikoa dugu eta behar dutenei material ortopediko hori emateaz arduratzen da. Era berean, minbizia dutenek edo euren senitartekoek gizarte arloan izan ditzaketen beharrak jasotzen ditu eta hori kudeatzen laguntzen die; lanerako bajak edo luzapenak eskatzen eta aholkularitza lanak egiten, esaterako. Nagore Oroz osasun arloko psikologoak minbizia duten pertsonen eta senitartekoen arreta zuzena egiten du. Arlo emozionala lantzen du, bai gaixotasuna dagoen bitartean eta baita dolu prozesuetan ere. Ni ere osasun arloko psikologoa naiz eta bereziki prebentzio lanak egiten ditut. Erretzeari uzteko terapiak egiten ditut bakarka eta taldean. Ikastetxeetan esku-hartzeak egiten ditugu tabakoaren eta gailu berrien (zigarreta elektronikoak) inguruan. Haur eta nerabeekin egiten dugu lan eta enpresetan bizi ohitura osasuntsuak sustatzen laguntzen dugu, besteak beste.
Sumatu al duzue aldaketarik 15 urte hauetan?
Gizartean eraldaketa bat eman dela ikusi dugu. Hasieran oso zaila zen laguntza psikologikoa eskatzea, eta hori ere normalizatzen joan da. Minbiziaren tabua ezabatzen joan da, nahiz eta oraindik ere badiren diagnostikoaren ondotik errua sentitzen dutenak, baina egia da gaur egun, asko direla gaixotasunaren inguruan gehiago jakin nahi dutenak eta prozesuan parte aktiboa izan nahi dutenak. Guretzat hori oso garrantzitsua da. Gaixoa edo senitartekoa erdigunean jarri nahi dugu, bera modu aktibo batean errespetatzen dugu, eta hortik behar duen guzti hori ematen saiatzen gara.
Elkartean eskaintzen dituzuen zerbitzu guztiak doakoak dira.
Doakoak dira eta ez da bazkide egin behar gure onurak jasotzeko. Garrantzitsua da hori esatea. Eta boluntariotza ere nabarmendu nahiko nuke. Tolosaldean 200 bat boluntario ditugu, eta oso gustura gaude. Baina garrantzitsua da nabarmentzea Tolosaldeko pertsonaren batek boluntario izan nahi badu, baduela aukera. Modu desberdinetara lagundu daiteke; ekintza zehatzetan, esaterako Villabonan egingo dugun mendi martxan, eta minbizia dutenak laguntzen. Badira familia txikiak dituzten pertsonak eta etxean edo tratamendura gerturatzeko laguntza behar dutenak, eta horretan aritzen dira boluntarioetako batzuk. Horretarako formakuntza eskaintzen dugu, laguntza eskaintzen diegu.
Zaintza lana egiten duzue, bai minbizia dutenena eta baita euren zaintzaileena ere.
Irabazi asmorik gabeko elkarte bat gara, eta helburua da erakunde publikoak iristen ez diren lekuetara iristea. Senitarteko eta lagunak ez daude hain zainduak eta hor lan handia egiten dugu, bitartekoak ematen dizkiegu. Saretze lana oso garrantzitsua da, eta orain horri buruz gehiago hitz egiten bada ere, oraindik ere badago lana. Gizarteratze eta normalizazio lana oso garrantzitsua da.