Ikasturte honetan ere, Ipuin Txokoa izango da Tolosako Haur Liburutegian, 3 eta 6 urte bitarteko haurrentzat. Urriaren 10ean hasi eta maiatzaren 22ra bitarte, hilero saio bana egingo du Miriam Mendoza Etxabe (Orio, 1969) ipuin kontalariak. 2006az geroztik ari da Tolosan, ia ofizio bilakatu duen afizio honetan.
Nolako saioak egiten dituzu Ipuin Txokoan?
Saio hauetan, liburutegian dauden eta kontatzeko hain errazak ez diren ipuinak hartzen ditugu. Haurrekin batera, haien gurasoek ere parte hartzen dute, eta ipuin horiek nola kontatu jakiteko zenbait ideia jasotzen dituzte. Aldi berean, gozatu egiten dute. Askotan, nabari dut haurrak bezain gustura edo haiek baino gusturago egoten direla.
Hilero, sei ipuin desberdin hartzen ditut. Aldez aurretik etxera eramaten ditut, irakurri egiten ditut, ikasi, kontakizunerako nire estrategiak garatu ahal izateko. Gero, saioetan, batez beste, lau ipuin kontatzen ditut. Ezin dut jakin ipuinek haurren onespena jasoko duten, eta beraz, badaezpada batzuk gordeta izaten ditut. Gainera, saioak konplexuak suertatu daitezke. 3 eta 6 urte bitarteko haurrak izaten direlako, eta tarteak txikia badirudi ere, oso handia da.
Ia 20 urte igaro dira Ipuin Txokoan ipuin kontalari hasi zinela. Gustura aritzen zara?
Gustura esatea gutxi da. Gozamen hutsa da. Ni, ofizioz, Haur Hezkuntzako irakaslea naiz, baina ipuinek daukaten magia berezia da. Liburutegira joan eta ipuina kontatzean, aurrean dituzun haurrek eta helduek nola gozatzen duten ikustea autoestimurako bultzada ikaragarria da. Urpekariek itsasoratzeko nola, liburutegian kargatzen dut hilero nire oxigeno-bonbona.
Nolako erantzuna izan dute saioek orain arte?
Ez daukat kexatzeko arrazoirik. Oro har, zoragarria izan da erantzuna. Edukiera mugatua ezarri behar izaten dugu, ezinezkoa delako nahi duten haur guztiak sartzea. 2020az edo 2021az geroztik, itxarote-zerrenda luzea izaten dugu. Ondorioz, hilabete batean etortzerik izan ez dutenek, lehentasuna izaten dute hurrengo hileko saioan.
Eta Tolosatik kanpora ere aritzen zara ipuinak kontatzen?
Tolosako formatu berean, Zarautzen eta Orion aritzen naiz. Horrez gain, askotan aritzen naiz inguruko herrietan, hala nola, Azpeitian, Usurbilen eta Elgoibarren. Beti esaten dut ofizioz irakaslea naizela, eta afizioz, ipuin kontalaria. Baina, batzuetan nahastu egiten zaizkit, eta ez dut jakiten zein den ofizioa. Haurren munduan murgiltzen naiz bietan, eta gozamen hutsa da niretzat.
Tolosakoak, berez, haurrei zuzendutako saioak dira, baina gurasoek parte hartzea ere gomendatzen duzue. Batez ere, gero etxean ipuinak nola kontatu ikasteko.
Bai, baina ez dut uste literalki horretara joaten direnik. Helburua hasieratik izan da gurasoek kontalari aritzeko aitzakia bat izatea. Ipuinak kontatzeko mila modu daude, eta horietako bakoitza zoragarria da. Jarrerak, keinuak, ipuin bakoitzari atera ahal zaizkion etekinak… horiek guztiak erakusten eta irakasten saiatzen naiz. Haurraren eta gurasoaren harremana borobiltzeko espazio bat ere badira saio hauek.
Ez da gauza bera ipuin bat ozen irakurtzea edo kontatzea, ezta?
Nik ipuinak euskarri modura erabiltzen ditut, baina uste dut sekula ez ditudala diren moduan kontatzen. Ipuinak nire erara moldatzeko lizentzia hartu izan dut. Askotan, argudioa jarraitu arren, testuak asmatu egiten ditut. Testua, bere horretan, sekula ez dut irakurri. Ipuina nire egiten dut, eta horren baitan, ilustrazioek erakusten didatena kontatzen dut. Haurrak adi-adi egoten dira, baina inoiz ez dizute esango: «hori ez da horrela».
Oso aberatsa da ipuinak kontatzeko modu bat baino gehiago egotea, eta hori da lortu behar duguna, hau da, bakoitzak bere erara kontatzea. Nik ipuin bera bost aldiz kontatuta ere, kontakizun guztiak ziur desberdinak direla, zure umorearen edo haurren aldartearen arabera aldatzen delako.
Euskaraz kontatzen dituzu ipuinak?
Beti. Arazoa da gaztelaniazko ipuinen eskaintza askoz zabalagoa dela; aukera handiagoa dago. Azken aldian, esfortzu handia egiten ari dira euskarazko ipuin berriak argitaratzeko, baina ezinezkoa da horietara bakarrik mugatzea, oraindik aukera urria delako. Orduan, euskarazko ipuinak eta gaztelaniazkoak uztartzen ditut; ingelesez eta frantsesez idatzitako ipuin egokiak topatzen baditut, horiek ere lantzen ditut. Hori bai, beti euskaraz kontatzen ditut.
Saio bakoitzean kontatutako ipuinak, ondoren etxean kontatzeko aukera izango dute gurasoek?
Bai. Saioa amaitzean, ipuinen liburu-gida bana banatzen zaie, horiek etxean kontatzeko aukera izan dezaten. Haurrek gogoko dituzten ipuinak maileguan hartzeko aukera izango dute liburutegian.
Gogoan izateko zenbait arau badira, besteak beste, haurra gustura ez dagoenean, saioa uztekoa.
Batzuk, saioa hasi eta ordu laurdenera, jolasean edo mugitzen hasten dira, aspertuta daudelako. Gurasoei esaten diet ez dela behartutako saio bat. Haurra aspertzen bada, lasai joan daitezela, bestela, saioa baldintzatu dezake eta. Oso garrantzitsuak dira arau hauek. Izan ere, guraso batzuek uste dute Ipuin Txokoa ludoteka dela, baina ipuinak entzuteko tokia da, ez besterik.
Pantailek erasan gaituzten garaiotan, zer garrantzi dute ipuin kontakizunek?
Kontalariok zuzenean haurrekin jarduten dugunean, harreman bat lortzen dugu beraiekin, atxikimendu bat, pantaila batek lortu ezin duena. Munduan ez dago bi pertsonen arteko begirada bezalakorik. Haur batek pantaila batean ezin du halakorik izan; kontakizunetan, ordea, bai.
Pantailetan ez dago joan-etorririk, ez dago harremanik. Kontakizunetan, berriz, kontalariaren figura, janzteko modua, ahotsaren tonua eta keinuak izaten dira, eta horiek, joan-etorrirako aukera ematen dute. Haurrek, gainera, ipuinetan parte hartzeko aukera izaten dute eta protagonista sentitzea nahi izaten dugu. Gaur egun, baina, pantailek sekulako indarra eta eragina dute, eta zaila da horiekin lehiatzea.