Zer ote da maitia soinuak duena?», dio Tapia eta Leturiaren kantu ezagunak. Eta horixe bera galdetu izan dio askok bere buruari, kalean, trikiti doinuak entzun eta erakarria sentitzean. Galdera bera egingo zion bere buruari eskualdeko trikiti zale ugarik, 2019an, Hauspotuz Tolosaldeko Trikitixa Elkarteak lehen trikiti eguna ospatu zuenean. Urte horretan sortu zen elkartea, eta lehen ekitaldi hartan, 200 lagunetik gora elkartu zituzten. Arrakastak, baina, etena izan zuen ondorengo bi urteetan.
Azken urteotan, berriz, eskualdeko herri askotan, trikitiaren bueltako hamaika ekitaldi egin izan dira, elkarteak antolatuta. 2022an eta 2024an ospatu zituzten hurrengo trikiti egunak. Hala, bi urtez behin antolatu asmoz jarraituko dute aurrerantzean.
Eta tarteko urteetan, zer? Bada, aurten, lehen aldiz, trikiti jaialdia antolatu dute, Leidorren. Irailaren 26an, ostirala, izango da, 19:00etan hasita. Eskualdeko nahiz inguruko musikariak ariko dira Tolosako antzokian, trikiti doinuen aniztasuna oinarri izango duen ikuskizunean. Aurrerantzean, jaialdia ere bi urtez behin egiteko asmoa dute.
Parte hartzetik, entzutera
Hitzordu bereziaren atarian, Axier Unsain eta Irma Karrera Hauspotuzeko ordezkariek aitortu dute «gogotsu, eta aldi berean, urduri» daudela. «Trikiti eguna antolatu genuen lehen urtean, akaso, urik gabeko igerileku batera jauzi egin genuen. Baina, urteek, eta batez ere, esperientziak, erakutsi digute ur apur bat badagoela, eta bestetik, ez gara ito», adierazi du Unsainek.
Aurtengo ekitaldiak formatu berria izango duenez, aurrekaririk gabeko ikuskizuna izango da. «Trikiti egunetan parte hartu izan dutenak Leidorren biltzea nahi dugu; soinua jotzetik, entzule izatera. Espero dugu orain arte izandako erantzun ona berrestea», esan du Karrerak.
«Eskualdean trikitiarekiko zaletasun handia dago», aitortu dute biek. Horren euskarri eta motor izan da Hauspotuz azken urteotan. «Lehen urtean, hutsune bat nabaritzen genuen. Eskualdeko trikitilari eta trikiti zale guztiak elkartzeko plaza bat eta egun bat izan nahi genuen. Aurtengorako, ordea, beste pauso bat ematea falta zitzaigula ikusi genuen. Gure artean jolas egitea ondo dago, baina jaialdi bat antolatzea ere beharrezkoa da, erakusleiho bat egon dadin. Inguruko edo eskualdeko trikitilariak ez ezik, eredu diren beste batzuk ere gonbidatu nahi genituen», azaldu du Unsainek.
Askotariko doinuak
Sei talde elkartuko dira Leidorreko oholtzan; guztira, 20 musikari inguru. Instrumentu bera izango da emanaldi guztien oinarrian, baina askotariko doinu eta erritmoak entzun ahal izango dira. «Jaialdi anitza izango da. Trikitilari gaztetxoak, helduagoak eta dagoeneko ibilbide luzea daramatenak ariko dira, hasi berriak direnak eta klasikoak, baita son handia dutenak ere», esan du Karrerak. «Estiloan eta taldeen osaketan, askotariko egiturak izango dira», gaineratu du Unsainek.
Anjel eta Gorka Valdes eta Jaime eta Hekthor Viñas aita-semeek emango diote hasiera emanaldiari. Ondoren, sei mutikoz osatutako Ai Ama! taldearen txanda izango da; tartean, badira eskualdeko musikariak. Alaitz Telletxea eta Iker Goenagaren txanda izango da gero, eta hauen atzetik, Itsaso eta Irune Elizagoien ahizpak ariko dira. Jaialdia borobiltzeko, eskualdeko musikarien txanda izango da. Lehenik, Mirua taldea eta Maixa Lizarribar igoko dira Leidorreko oholtzara, eta ondoren, Unsain eta Karrera, Amets Arteagarekin batera ariko dira, lehen aldiz. «Izen batzuk ezagunak egingo zaizkio publikoari, baina besteak entzuteko eta ezagutzeko aukera ere izango du», esan du Karrerak.
Zalantzarik gabe, saio berezia izango da azkena. Ilusio handia dutela aitortu dute trikitilari tolosarrek, urte luzez elkarrekin aritu gabeak direlako. «Gauza asko elkarbanatu izan ditugu orain arte, baina agertokia inoiz ez», nabarmendu du Karrerak. «Txikitatik ezagutzen dugu elkar. Trikitia leku berean ikasi izan dugu, txapelketetan elkarren aurka aritzen ginen, baina ondoren, parrandan, elkarren alde egiten genuen», esan du Unsainek. Aurreratu dutenez, ondo pasatzea izango da helburua. «Betidanik izan dugun erlazio eta giro ona oholtza gainean ere nabari dadila».
Hauspotuzek ez du nahi eskualdeko herritarrek trikiti tradizionalaren inguruko kontzertu bat ikusi eta entzungo dutenaren ustea izatea. «Hori garrantzitsua da, ezinbestekoa delako bizirautea, baina ez da hori bakarrik izango. Askotan aipatzen dugun aniztasun horren barruan, jaialdiak antolatzean, beharrezkoa da ere eskaintza aberastea», esan du Unsainek.
Beste jaialdien eragina
Tolosakoa, baina, ez da inguruan egingo den lehen trikitilari jaialdia. Gipuzkoan, esaterako, badira gehiago. Hernanin, irailean egin ohi dute, eta hirugarrenez egingo dute aurten. Aian, iaz estreinakoz egin ondoren, abenduan izango da bigarren edizioa. Zarautzen, lehen aldiz egin dute berriki, orain arte egiten zuten txapelketaren ordez. Bestalde, badira ibilbide luzea duten bi. Oñatin, 17. aldiz egingo dute azaroan. Ezagunena, ordea, Azpeitikoa da. Martxoan egiten dute, San Jose jaietan; aurten, 35. edizioa izan da.
Ingurumarian dagoen jaialdi eskaintza ikusita, eskualdean hutsune bat zegoela ikusi zuten Hauspotuzekoek. «Hemen ez da jaialdirik egin, ez trikitilaririk ez dagoelako, ez zaletasunik ez dagoelako, ezta ikasle edo irakasle faltagatik ere. Beste eskualdeetan adina trikitilari ditugu Tolosaldean, baina Hauspotuzen ez dugu inoiz horiek guztiak jaialdi berean elkartzeko urratsa eman», adierazi du Unsainek.
Axier Unsain: «Gure artean jolas egitea ona da, baina jaialdi bat antolatzea ere beharrezkoa da, erakusleiho bat egon dadin»
Tolosarrak esan du jaialdi horiek «eredugarriak» izan direla Hauspotuz elkartearentzat: «Gure jaialdia antolatzeko prozesuan, asko ikasi dugu haiengandik, eta jaialdi horiek urte luzetan elikatu dituztenekin batera antolatu dugu gure jaialdia. Hori dela eta, eragin handia izan dute». Jaialdia antolatzearen ideiak, baina, «zalantza batzuk» sortu zizkiela aitortu du Karrerak. «Azpeitiko jaialdia oso finkatuta dago, baina gainerakoak hasiberriak dira, eta pixkanaka, zabaltzen ari dira».
Erreferentzien beharra
Jaialdiaren helburuari buruz galdetuta, Unsainek argi dauka erreferenteen figurari heldu nahi diotela. «Oso gaztetatik hasten gara instrumentu bat eskuetan hartzen. Bizitzako beste gai batzuetan gertatzen den bezala, moden arabera mugitzen gara, eta beharrezkoak izaten dira ereduak. Akaso, zenbait alorretan, oso erraza da erreferenteak izatea, baina trikitiak ez dauka bide erraza, nahiz eta hemen oso egonkortuta egon, eta ohitura handia izan. Nabarmena izaten da, izen handiak entzuten diren momentuan, trikitia ikasi nahi duten ikasleak geroz eta gehiago direla. Beraz, hori indartu nahi dugu jaialdiaren bitartez», azaldu du tolosarrak.
Irma Karrera: «[Trikiti eskoletan] Ikasle kopurua mantentzen ari da, eta hori, gaur egun, oso garrantzitsua da»
Beste helburuetako bat ere bada Hauspotuz egunean izan ohi den arrakasta antzoki batera eramatea. «Aproba egingo dugu, eta ondoren, balioa eman. Aztertu beharko da zer bide markatu beharko dugun datozen urteetarako. Epe ertain-luzera nabarituko dira gaur egun egindako lanak», esan du Karrerak. Tolosarrak azaldu du trikiti egunek eragina izan dutela trikiti eskoletan: «Ikasle kopurua, behintzat, mantentzen ari da, eta hori, gaur egun, oso garrantzitsua da, geroz eta gehiago, gainera. Ez da handitu, baina ezta murriztu ere». Nabarmendu duenez, trikitiarekiko «gose handia» dago eskualdean.
Eta gose hori, nolabait, ase nahian, Leidorreko emanaldia amaitu ondoren, afaria antolatu dute eskualdeko trikiti zaleentzat. Otordura joan nahi duenak, izena emateko aukera du oraindik; horretarako, hauspotuztrikitixa@gmail.com helbidera mezua bidali behar du. 35 euro ordaindu beharko da. «Hasieratik garbi genuen beharrezkoa zela afaria antolatzea. Ezinbestekoa zen guretzat otordu baten bueltan sortzen den giroa bermatzea. Ez da otordu bat egitea bakarrik, lagun berriak egiteko aukera izaten baita», nabarmendu du Karrerak. «Trikitilari onak, berez, parrandazalea izan behar omen du. Ez gara gu izango orain hori gezurtatuko dutenak».
TRIKITI JAIALDIA
Irailak 26, ostirala
19:00. Anjel eta Gorka Valdes eta Jaime eta Hekthor Viñas aita-semeak; Ai Ama! taldea; Alaitz Telletxea eta Iker Goenaga; Itsaso eta Irune Elizagoien ahizpak; Mirua eta Maixa Lizarribar; eta Axier Unsain, Irma Karrera eta Amets Arteaga.
Sarrerak: Leidorantzokia.janto.es web-orrian.
Prezioa: 15 euro.
Ondoren. Afaria.
Izena emateko: hauspotuztrikitixa@gmail.com.
Prezioa: 35 euro.
Motzean
Trikitilari bat?
Axier Unsain: Xabi Solano.
Irma Karrera: Orduan, nik Kristina.
Doinu bat? Agian, ikasitako lehena.
Unsain: Hain justu, hori ez. Gainera, Nahiko larri zuen izena, oso egoki jarria, hala aritzen ginelako. Doinu bat aukeratzekotan, Gozategiren Alboka-rocka-joka.
Karrera: Ni ez naiz bustiko.
Plaza bat?
Karrera: Dudarik gabe, Aristerratzu.
Unsain: Zarauzko Euskal Jaietako txosnagunea.
Trikiti eta panderoarekin uztartzeko instrumentu bat?
Karrera: Biolina.
Unsain: Gitarra klasikoa.
Nor gonbidatuko zenukete zuekin bikotea osatzera?
Unsain: Garbi daukat. Amets edo Irma.
Karrera: Irakasle izan dudan aldetik, ilusio handia egingo lidake oholtza Kristina Solanorekin elkarbanatzea.