Tolosako Buru Bihotzez elkarteak urteak daramatza irailaren 21ean izaten den Alzheimerraren Mundu Egunaren baitan, ekitaldiak aurrera eramaten, dementziaren inguruan kontzientzia pizteko helburuarekin. Aurten ere, herriko zenbait eragilerekin elkarlanean, lau saio antolatu ditu.
Lehena, irailaren 19an izango da, ostirala. Leire Etxeberria Rodrigez eta Nora Tapia Alonso Tolosako osasun zentroko erizainek Dementzia: hamaika mundu hitzaldia egingo dute, kultur etxeko lehen solairuan. Dementziaren inguruko hitzaldia izango da, euskaraz eta gaztelaniaz, 17:00etatik 18:00etara.
Hilaren 21ean, igandea, dementzia eta osasun kognitiboei aurre hartzeko xake jokaldiak egiteko aukera izango da Berdura Plazan. Buru Bihotzez elkarteak eta Enroke Xake Klubak Xake oroitzapen ezari ekitaldia antolatu dute. 11:00etan hasiko da, eta jarduera irekia izango da, xake jokalarientzat, horien senideentzat eta prebentzioan eta osasun kognitiboan interesa duten guztientzat. Lehenik, dibulgaziozko hitzaldia egingo dute: Alzheimerra, xakea eta lan kognitiboa. Ondoren, memoria-jolasak eta xake ariketak landuko dituzte. Azkenik, txapelketa bat egingo dute adin guztietako jokalarientzat, formatu bereziarekin. Ekintza horiez gain, elkarbizitzarako gunea ere egongo da.
Astelehenean, hilak 22, dementziei buruzko ikastaro zikloak izango dira kultur etxean, Zainketa aringarriak dementzietan izenburupean. Montse Perez Gartzia izango da hizlaria eta 16:30etik 18:00etara izango dira ikastaroak. Doakoa bada ere, aurrez eman behar da izena, 943 673 629 telefono zenbakira deituta. Zaintza zerbitzua egongo da alzheimerra duten pertsonentzat.
Azkenik, hilaren 25ean, osteguna, zinema saio berezia izango da Leidor aretoan. Beti Alice filma proiektatuko dute, 20:30ean. Unibertsitateko irakasle batek Alzheimer gaitzarekiko dituen bizipenak azaltzen ditu.