Zabalik da Goxua eta Esneki azoka berezietan parte hartzeko izen ematea

Ataria 2025eko irailaren 16a

Esneki azokaren iazko edizioko irudi bat.

Bi azoketan postua jartzeko eta Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Lehiaketan parte hartzeko eman daiteke izena, urriaren 11 baino lehen.

Tolosako Udalak zabaldu du urtea amaitu aurreko lehen bi azoka berezietan salmentarako postuak jartzeko izen emate epea. Urriaren 25ean ospatuko da gozogintzan oinarritutako Goxua azoka. Bertan parte hartzeko, urriaren 11 baino lehen eman beharko dute izena gozogileek, eta bi aukera dituzte: batetik, online, udalaren egoitza elektronikoan; bestetik, aurrez aurre, Udaten, herritarren arretarako udal bulegoan.

Guztira, 25 posturentzako lekua egongo da. Artisau-gozoen, norberak ekoiztutako eztien eta artisau modura ekoitzitako gozogintzarako osagai edo produktuen postuak jarri ahal izango dira. Izen emateko tramiteen inguruan informazio osoa nahi duenak, eta deialdiaren oinarriak ezagutu nahi dituenak, esteka honetan dauka aukera.

Beste azoka berezia Esneki izango da, Euskal Herriko gazta eta esnekien azoka; azaroaren 7 eta 8an ospatuko da, udalak, HAZIk, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Leartiker eta Esneki Zentroak elkarlanean antolatuta. Besteak beste, esnekien azoka berezia eta Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Lehiaketa izango dira, biak hilaren 8an. Udalak dagoeneko zabaldu du azokan postua jartzeko ekoizleentzako izen ematea, eta, kasu honetan ere, eskaerak urriaren 11rako egin beharko dira.

Azokan Euskal Herrian ekoiztutako gazta, jogurt, izozki, krema, mami eta bestelako esnekien postuak jarri ahal izango dira; gehienez, 40 postu. Izen ematea, udalaren egoitza elektronikoan edo Udaten egin beharko da. Izen emateko tramiteen inguruan informazio osoa nahi duenak, eta deialdiaren oinarriak ezagutu nahi dituenak, esteka honetan dauka aukera.

Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Lehiaketa Beotibar frontoian izango da. Bederatzi mailatan banatuko da txapelketa: freskoak, laktikoak, pasta bigunak, urdinak, behi gazta onduak, ahuntz gazta onduak, ardi gazta onduak, jogurtak eta behi esne pasteurizatua. Maila bakoitzean bi azpikategoria izango dira: batetik, gaztagileak ekoitzitako esnearekin sortutako produktuena; bestetik, hirugarren bati esnea erosi eta eraldatzen dutenena. Azpikategoria bakoitzeko saridun bat egongo da, eta gero, txapeldunen txapelduna izango den gazta hautatuko du epaimahaiak. Kasu honetan, izen-ematea Tolosakoazoka.eus/esneki web-orrian egin behar da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!