Zerkausiko I. Bandera jokatuko da, Tolosako eragileen artean

Ataria 2025eko irailaren 15a

Elkarteen arteko batel estropada berreskuratu dute, eta festa giroko lehia larunbat honetan izango da, 11:00etatik aurrera, Oria ibaian.

Kontxako Banderaren ondoren, Zerkausiko Banderaren txanda izango da larunbat honetan. Izen horrekin berreskuratu nahi izan du udalak, elkarteen eta Tolosaldeko Arraun Klubaren laguntzarekin, duela urte batzuk antolatzen zen elkartasun estropada.

Josune Sanz, Komunitatea eta Gobernantza Saileko zinegotziaren esanetan, antolatzeari utzi baldin bazitzaion ere, arra oraindik barruan zuten elkarteetako kideek: «Elkartasun estropada antolatzen zuen taldea oraindik existitzen zen, eta udaletik egitasmoa berreskuratzeko asmoa genuela adierazi genien. Amua bota, eta berehala ikusi genuen gogoa bazegoela. Deialdia egin eta azkar batean iritsi ginen talde parte hartzaileen mugara. Gerora ere, beste batzuek azaldu dute parte hartzeko interesa, baina ez genuen batel gehiago. Ikusiko dugu, TAKekin batera, aurrera begira zein aukera ditugun parte hartze hori zabaltzeko».

Larunbatean jai giroa nagusituko dela esan du Sanzek, estropadako emaitzak «bigarren plano batean utzita». Izan ere, zinegotziak azaldu duenez, ekimenak elkar ezagutza eta saretzea sustatu nahi ditu, arraunaren bidez: «Aurrerago baditugu elkartegintza hori lantzeko eta horri balioa emateko ideia batzuk, baina hemendik hasi nahi izan dugu, bazegoelako nolabaiteko oinarri bat».

Parte hartzaileak

Hamar batel jauziko dira Oria ibaira hilaren 20an, 11:0oetatik aurrera. Elkarte gastronomikoek ez ezik, bestelako kultur eta kirol eragileek ere parte hartuko dute. Udalak ere izango du bere batela.

  • Elkarte gastronomikoak: Aiz-Orratz, Batasuna, Emendek, Gure Txokoa, Lizardi, San Esteban eta Txinparta.
  • Gainontzekoak: Udaberri Dantza Taldea, Enroke Xake Taldea eta Tolosako Udala.

Estropada 11:00etan hasiko da. Bina bateleko bost txanda jokatu dira lehenengo, eta beste behin errepikatuko da hori, kaleak aldatuta. Denbora onena egiten duten bi batelak ariko dira finalean, nor baino nor gehiago, bandera lortzeko lehian. Kirol jardueraz gain, LaskoTxarangak girotuko ditu Tolosako kaleak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!