Tolosako erdigunea oinezkoentzat izango da bigarren urtez

Ataria 2025eko irailaren 12a

Iazko 'Erdigunea autorik gabe' egitasmoaren artxiboko irudia.

Urtero bezala, Tolosak bat egingo du Europako Mugikortasun Astearekin, eta ekitaldiak antolatu dituzte irailaren 16tik 22ra.

Europako Mugikortasun Astea izango da irailaren 16tik 22ra, eta hainbat ekitaldi izango dira Tolosan, mugikortasun-eredu jasangarriak sustatzeko asmoz. Aurten, iaz bezala, Rondilla kalea –udal musika eskola paretik Trianguloa plazara arte– oinezkoen gune bihurtuko dute Erdigunea autorik gabe egitasmoaren barruan. Irailaren 20an, larunbatean, 16:00etan itxiko dute gunea ibilgailuentzat, eta igandea 20:00ak arte egongo da horrela.  Tarte horretan, udal musika eskolako eta San Frantzisko elizako autobusen geltokiak Santa Klarara aldatuko dituzte, baita Hiribusarena ere. Foru etorbidea zeharkatuta, San Frantzisko pasealekuan sartu eta ohiko bideari jarraituko diote gero. Salbuespen bakarra ibilbide luzeko gaueko autobusena da —Madrilera, Bartzelonara eta Alacantera doazenak, alegia—, horiek Rondillan, musika eskolaren parean egingo dute geldialdia, ohiko moduan. Andia eta Inpernu kaleko garajeetara Gorosabel eraikinaren atzetik sartu beharko da. Espazioaz gozatzeko, kirolarekin eta kulturarekin lotutako jarduerak izango dira bi egunetan: 4-12 urte bitartekoentzako bizikleta-ginkana, eta ipuin-kontaketa antzeztuak Intujairen eskutik.

Bizikleten bigarren eskuko azoka

Aurreko edizioetako joerari eutsiz, eta duen arrakasta ikusita, Gurpilguneak bizikleten bigarren eskuko azoka ere egingo du, San Frantzisko pasealekuan, Artxiboaren parean. Irailaren 20an bertan izango da, goiz osoan zehar. Bigarren eskuko bizikleta eta materiala erosi ez ezik, uzteko aukera ere izango dute herritarrek. Horrez gain, zulaketak konpontzeko tailerra egongo da, eta elektrifikatutako bizikleta eredu bat erakusgai jarriko da. Eta irailaren 23an, Ander Gortazar arkitekto donostiarrak hitzaldia emango du, mugikortasunaren eta aparkalekuen loturari dagokionez dauden erronken inguruan.  Gortazar EHUko Hirigintza eta lurralde-antolaketako irakaslea da, eta Varsoviako (Polonia) Unibertsitate Politeknikoan ere ematen ditu eskolak. 

Ikastetxeetan formazio saioak

Era berean, herriko ikastetxeetan ere bide-heziketako saioak egingo dituztea ikasleekin, mugikortasun seguru eta jasangarria sustatzeko, eta herrian bizikletaz arduraz eta errespetuz ibiltzeko gako batzuk emateko asmoz. Tolosaldea Lanbide Heziketa ikastetxeko kirol arloko irakasle nahiz ikasleek dinamizatuko dituzte saioak. Besteak beste, segurtasuna, jokabide egokiak, taldeka joateko gakoak, seinaletika eta oinezkoak errespetatzeko arauak jorratuko dituzte, eta behin azalpenak entzunda, praktikara eramateko kalera aterako dira. Don Boscoko mugikortasun seguru eta jasangarriko alorreko ikasleek eta Kalapiek ere emango dituzte bide-hezkuntzako aholkuak.

Egitaraua

Irailak 20, larunbata

  • 09:00-15:00: San Frantzisko pasealekuan bizikleten bigarren eskuko azoka, Gurpilgunearen eskutik. Horren barruan zulaketak konpontzeko tailerra eskainiko dute 10:00etatik 11:30era eta elektrifikatutako bizikleta eredua erakutsiko dute.
  • 16:00etatik aurrera: Rondilla kalea oinezkoentzat.
  • 17:00-19:00: Rondilla kalean ginkana eta zinta-jokoa, 4-12 urte bitartekoentzat. Parte hartzeko bizikleta edo patinetea eraman behar da, eta derrigorrezkoa da kaskoa eramatea.

Irailak 21, igandea

  • Egun osoan zehar, 20:00ak arte: Rondilla kalea oinezkoentzat.
  • 18:00etatik aurrera: Kamishi-Jai ipuin kontaketa ibiltaria, Intujairen eskutik; 18:00etan Emakumeen plazan ariko dira, 18:30ean Maria Luisa Agirre doktorearen plazan eta 19:00etan Trianguloaren parean.

Irailak 23, asteartea

  • 18:30: kultur etxeko areto nagusian Tolosako mugikortasunaren inguruko hitzaldia Ander Gortazar arkitektoa eta EHUko irakaslearen eskutik.

Irailak 23, 24, 25 eta urriak 3

  • Bide-hezkuntzako saioak ikastetxeetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!