Hurrengo asteazkenean zabalduko ditu ateak Topaguneak

Ataria 2025eko irailaren 10a

Asteazkenetik igandera egongo da zabalik; irailerako bi jarduera antolatu dituzte.

Udako oporren ostean, Tolosako Gazte Topaguneak hurrengo asteazkenean, hilaren 17an, irekiko ditu berriro ateak. Zerbitzua doakoa da, eta LH6. mailatik aurrerako —hau da, 2014. urtean jaiotakoak— gazteei zuzendua dago. 

Asteazkenetik igandera bitarte, arratsaldez egongo da zabalik, Antonio Maria Labaien Kultur Etxeko lehen solairuan. Asteazkenetik ostiralera 17:00etatik 20:00etara egongo da irekita; larunbat eta igandetan, aldiz, 16:30etik 20:30era. 

Irailean zehar, bi jarduera antolatu ditu Topaguneak. Irailaren 18 eta 19an, Beldurraren Etxea antolatzeko bilerak egingo dituzte, iazko esperientziatik abiatuta. Irailaren 24, 25 eta 26an, berriz, sukaldaritza tailerrak egingo dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!