Tolosako Udalak urte amaierara bitarteko azoka berezien datak argitaratu berri ditu. Azoka berezien artean sartzen ez bada ere, herritarrek egutegian markatuta izan ohi duten beste ekitaldi bat da TAKE saskibaloia klubak antolatzen duen Garagardo Azoka. Aurten, irailaren 18tik 21era egingo dute.
Nola doa aurtengo Garagardo Azokaren prestaketa?
Nerea Ugartemendia: Uda aurretik hasi ohi gara azoka antolatzen. Udan zehar, egitaraua zehazten eta hornitzaileekin hitz egiten aritu gara. Orain, guztia itxita daukagu, baina zenbait lan txiki egiten ari gara, besteak beste, igandeko bazkari herrikoirako txartelak saltzen. Ea herritar asko animatzen diren, eta giro ederra izaten dugun.
Igandeko bazkari herrikoia izango da berrikuntza nagusia. Zer dela eta antolatu duzue?
Ugartemendia: Azken urteetan, jokalari ohien afaria egin izan dugu igandean, azokako azken egunean. Aurten, baina, herritarrentzat otordu berezi bat antolatu nahi genuen. Hortaz, ostegunera aldatu genuen jokalari ohien afaria, eta igandean bazkari herrikoia egitea pentsatu genuen.
Jokalari ohien afaria egitea oso polita da. Duela zenbait urte egindako harremanak mantentzeko aukera ematen du. Gure klubaren kasuan, zorte handia dugu, jokalari ohi asko joaten delako gure partidak ikustera. Eta azokan egiten dugun afari hori, klubean dugun giro onaren erakusgarri da. Oso polita da jokalarien arteko harremana mantentzen dela ikustea.
Menu desberdinak jarri dituzue aukeran, ezta?
Irati Alda: Hiru menu itxi izango dira. Lehen biak helduentzako; bata, bi lagunentzako izango da, 42 euroren truke; bestea, berriz, pertsona batentzako, 22 euroren truke; eta hirugarrena, haurrentzako izango da, 12 euroren truke. Helduen menuen kasuan, pertsona bakoitzeko garagardo bat sartuko da, eta nahi den garagardoa hartzeko aukera izango da. Pertsona batentzako menuan, lehen taldeko babesle nagusia den Hirukiko saihetsa sartu dugu.
Ugartemendia: Bazkaria aprobetxatuz, ondoren, 15:00ak aldera, haurrentzako saskibaloi jolasak egingo ditugu, Plaza Zaharrean.
Alda: Familian egiteko moduko plana da. Gurasoek, haurrekin bazkaltzera etorri ondoren, lasai egoteko aukera izango dute, umeak jolasean ari diren bitartean.
Ugartemendia: Azken edizioetan, ostegunean egiten genituen jolasak. Aurten, baina, bazkaria antolatu dugula aprobetxatu nahi izan dugu, jolasak ondoren egiteko. Azoka bera, saskibaloi klubak antolatzen duenez, haurrek kirol hau gertuagotik ezagutzeko aukera izatea nahi genuen.
Bazkariaz aparte ere ohiko menua egongo da aukeran igande eguerdian?
Ugartemendia: Barra irekita egongo da nahi adina garagardo hartzeko, baina bazkaltzeko soilik menu itxiak egongo dira aukeran.
Txartela erosi nahi duenak, non du aukera?
Alda: Emeterio Arrese plazako Elektrikariak dendan (Emeterio Arrese 1, baxua) erosi daitezke, goizez, 09:30etik 13:00etara, edo arratsaldez, 16:00etatik 19:30era. Bihar, osteguna, izango da azken eguna.
Nolako erantzuna izaten ari da salmenta?
Alda: Nahiko ona. Genituen aurreikuspenak betetzen ari gara. Batez ere, TAKE eskolako haurren gurasoak dira txartelak erosi dituztenak, aurreikusten genuen bezala. Hala ere, espero dugu egun hauetan jende gehiagok txartelak erostea, herritar oro baitago gonbidatuta bazkarira.
Bestelakoan, nolako eskaintza izango da azokan?
Ugartemendia: Janariaren eskaintza ez da aldatuko, eta aurreko urteetako berdina izango da. Garagardoei dagokionez, 21 desberdin izango dira aukeran. Txekiarrak, alemaniarrak, belgikarrak, estatubatuarrak nahiz Euskal Herrian egindako garagardoak dastatzeko aukera izango da. Tartean, alkoholik gabeko edota glutenik gabeko garagardo bana egongo dira, baita Iparra Beer tabernakoek eskualdean egindako Ipar Beltz garagardo beltza ere. Bertako garagardoa sustatzea eta herritarrei eskura jartzea baita azokaren helburuetako bat.
Urteak dira azoka antolatzen hasi zinetela. Zer suposatzen du zuentzat?
Ugartemendia: Lan handia du atzetik. Hornitzaile askorekin hitz egin behar izaten dugu, guztia ondo prestatzeko. Egia esan, oso ondo antolatzen gara, talde txikitan. Batzuek egitarauaren bueltakoak prestatzen dituzte, beste batzuek, materialaz arduratzen dira, garagardoaz arduratzeko talde bat ere badago, musika saioen eta horien beharren ardura duen talde bat ere bai... Kide berriak ere ari dira sartzen talde horietan, eta guri duela urte batzuk egokitu zitzaigun bezala, guztiak ari dira gauza berriak ikasten. Etengabeko ikasgaia da azoka; edozein taldetan gauden guztiok ikasten dugu zerbait urtero, berrikuntzak txertatu eta azoka bera hobetu ahal izateko. Ekonomikoki, gainera, azokak ekarpen handia egiten dio klubari.
Boluntarioen lana eskertzekoa izango da, ezta?
Alda: Bai. Inguruko lagunak edo klubeko haurren gurasoak beti daude laguntzeko prest. Klubeko kideekin bakarrik ezinezkoa izango litzateke azoka aurrera eramatea.
Ugartemendia: Beti saiatzen gara sukaldeko eta barrako txandak klubeko jokalari eta entrenatzaileekin betetzen, baina lau egunetan lan ordu asko dira, eta beraz, ezinbestekoa da boluntarioen laguntza.
Zerk nabarmentzen du Tolosako Garagardo Azoka?
Ugartemendia: Batetik, lekuak. Oso egokia da, kokapenagatik, eta eguraldi txarra egiten duenean babesteko aukera ematen du. Baina, bereziki, giroa nabarmenduko nuke, eta batez ere, gure lan-taldean izaten den giro ona. Giro horrek eragiten du, gero, azokara bertaratzen diren herritarren artean ere giro ona izatea.