Tolosako udal liburutegiak irailaren 15ean zabalduko du irakurketa klubetan izena emateko epea. Adin tarteka osatu dituzte taldeak; 3-6 urte artekoen Ipuin Txokoa, eta 10-12, 13-16 eta helduen irakurketa klubak izango dira.
3 eta 6 urte artekoen Ipuin Txokoa urritik maiatzera luzatuko da. Hilean behin Miriam Mendoza ipuin kontalariak gidatuko ditu saioak eta ostiraletan izango dira, 18:00etatik 19:00etara. Kasu honetan izena aurrez aurre egin beharko da haur liburutegiko lehen solairuan, saioa hasi baino 10 egun lehenago. Lehen saioa urriaren 10ean izango da eta beraz, izena irailaren 30etik aurrera egin beharko da.
10-12 urte artekoen irakurketa kluba euskaraz izango da eta hau ere hilean behin izango da. Nadin Hussein Hernandezek dinamizatuko du eta saio guztiak ostiraletan izango dira, 18:15etik aurrera. Urriko saioan Mariasun Landaren Galtzerdi suizida landuko dute.
13-16 urte artekoen kluba ere Nadin Hussein Hernandezek gidatuko du eta hau ere ostiraletan izango da, kasu honetan 16:30etik auerrera. Urriaren 17an iznago da lehen hitzordua eta Elia Barceloren Frankesntein sindromea izango dute hizketagai.
16 urtetik gorakoen kasuan saioak gazteleraz izango dira eta Monica Leivak dinamizatuko ditu. Asteartetan izango dira saioak, 18:00etatik aurrera, eta urriaren 14ko estreineko saioan Alejandro Zambraren Poeta chileno jorratuko dute.
Azken hiru klubetan izena emateko epea irailaren 15ean zabalduko dute eta udal webgunean egin beharko da. Parte hartzaileren batek beharra izango balu, saio guztietan zeinu-hizkuntza zerbitzua egoteko aukera dago. Aurrez eskatu beharko da 943 69 74 62 telefono zenbakira deituta edo liburutegia@tolosa.eus helbidera idatzita.
Era berean, Galtzaundi Tolosaldeko euskaltzaleen elkarteak helduei zuzendutako euskarazko tertulia literarioak izango ditu Yurre Ugartek dinamizatuta. Lehen hitzordua hilaren 24an izango dira elkartearen Plaza Berriko egoitzan eta Adania Shibli idazle palestinarraren Detaile xume bat izango dute hizpide.