Geldialdi laburreko bi gune, haurrak eskolan utzi ahal izateko

Ataria 2025eko irailaren 9a

Kale Barrenako 'Muxu eta agur' gunea.
 

Tolosako trafikoa berrantolatu dute ikasturteari begira; 'Muxu eta agur' guneak jarri dituzte Samaniego ikastetxearen sarreran eta Kale Barrenan eta Santa Lutziak 20 aparkaleku berri izango ditu.

Tolosako Udalak hainbat aldaketa aurreikusi ditu trafikoan, ikasturte berriari begira. Batetik, bi Muxu eta agur gune prestatu dituzte ikastetxera joan-etorria ibilgailuetan egiten dutenei begira eta helburua da trafikoa arindu eta segurtasuna indartzea. Samaniego ikastetxeko sarreran eta Kale Barrenan jarri dituzten bi gune horietan bi minutuko geldiune azkarrak egin ahalko dira, haurrak eskolan utzi ahal izateko. Bi guneak proba pilotu modura aurreikusi dituzte, eta Kale Barrenakoaren kasuan gunea bestelako izaera duten aparkalekuekin uztartuko dela esan du udalak, ordutegiaren arabera. Muxu eta agur gunea astelehenetik ostiralera 07:00etatik 09:30era, 12:30etik 14:00etara eta 15:00etatik 16:00etara erabili ahalko da, zamalanak astelehenetik ostiralera 09:30etik 12:30era eta 16:00etatik 18:00etara egin ahalko dira, eta bertakoek 19:00etatik 07:00etara eta asteburu guztian zehar utzi ahalko dute autoa. 

Era berean, Santa Lutzia auzoan, Orixe Institutuaren, Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuaren eta Uzturpe pilotalekuaren inguruko aparkalekuak berrantolatu ditu Udaltzaingoak, «espazioa optimizatzeko eta aparkatzeko aukerak handitzeko». Udan zehar egin dituzte pintaketa lanak eta orain 20 aparkaleku gehiago izango dira bertan.

Bestalde, martxan da Bizibusa egitasmoa. Ohi bezala, udaltzainek gidatuko dute eta ikastetxera bizikleta karabanan joatea da helburua. «Asmoa da bide heziketa sustatzea, ikastetxeetara modu arduratsu, ordenatu eta seguruan joatearekin batera», esan du udalak. Batik bat LH3 eta 6 bitarteko ikasleei zuzendua dago. Aurten ere Trianguloa plaza da abiapuntua eta astelehenetik ostiralera 08:30ean egin ohi dute hitzordua. 

Bideari ekin aurretik, udaltzainek gomendioak ematen dizkiete herrian zehar bizikletan doazenean kontuan hartzeko, seinaleztapena ezagutzeko, segurtasuna bermatzeko eta istripuak saihesteko gakoak barneratu ditzaten. San Frantzisko pasealekua zeharkatuz Usabalerainoko bidea egiten dute. Haurren kopuruaren arabera, errepidetik eta bidegorritik egiten dute bidea, beti udaltzainak aurretik eta atzetik dituztela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!