Bedaioko jaiak 2025

Paulo Azpiazu eta Ainitze Zumeta izan dira garaile Bedaion

Leyre Carrasco 2025eko irailaren 7a

Bedaioko jaien barruan harri txapelketa jokatu da arratsaldean. Jende ugari elkartu da pilotalekuaren bueltan, eta harri jasotzaileek ikuskizuna eskaini dute, handia gainera. Gizonezkoak 124 kiloko harri baldarrarekin aritu dira, eta emakumezkoak 72 kilokoarekin.

Larrañeta harriak 124 kilo ditu, eta iaz bezala, Mikel Lopetegi zen faboritoa, Paulo Azpiazurekin batera. Urrak eman dio hasiera txapelketari. Iazko marka baino bi jasoaldi gutxiago egin baditu ere, bere lana bikain egin du, 5 minututan 18 jasoaldi eginez. Azpiazuri marka jakinda tokatu zaio lanean hastea, eta hasieratik moldatu da harri baldarrera, iazko marka gaindituz: 20 jasoaldi. Zailtasun handienak Beñat Telleriak izan ditu. Nola heldu zalantzak zituen eta denborak ihes egin dio. Hala ere, Telleriak ez du amaiera arte amorerik eman eta bost jasoaldirekin amaitu ditu lanak.

Emakumezkoek 72 kiloko harri baldarrarekin egin behar izan dituzte lanak. Horien artean Ainitze Zumeta zen gaurko faborito eta erakustaldi bikaina eman du zarauztarrak. Hasieran lasai hasi da, Joxeramon Iruretagoiena entrenatzaileari kasu eginez, baina azken segunduetan estutu egin du eta 22 jasoaldirekin amaitu ditu lanak.

Gauzak honela, Azpiazu eta Zumeta izan dira aurtengo irabazleak Bedaion. Honela geratu dira gainontzeko sailkapenak:

Gizonezkoak

  1. Paulo Azpiazu, 20 jasoaldi.
  2. Mikel Lopetegi Urra, 18 jasoaldi.
  3. Gorka Etxeberria, 16 jasoaldi.
  4. Gari Garmendia, 13 jasoaldi.
  5. Imanol Royo Lartain, 12 jasoaldi.
  6. Beñat Telleria, 5 jasoaldi.

Emakumezkoak

  1. Ainitze Zumeta, 22 jasoaldi.
  2. Goizeder Abendibar, 16 jasoaldi.
  3. Maddi Gesalaga, 15 jasoaldi.
  4. Lierni Osa, 15 jasoaldi.
  5. Olaia Esnaola, 15 jasoaldi.
  6. Elene Ostolaza, 11 jasoaldi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!