Azoka jendetsua, Berazubiko urteurrenaren harira

Leyre Carrasco 2025eko irailaren 7a

Berazubiko auzoaren 60. urteurrena ari dira ospatzen, eta azoka eguna izan dute gaurkoa; 20 postu baino gehiago izan dira goizean eta jendetza elkartu da horien bueltan.

Berazubi auzoa 1957an eraikitzen hasi zen arren, 1965eko irailaren 9a izan zen Martin Jose Iraola kalea inguratzen duten etxebizitzak dozenaka familiaren aterpe goxo bilakatu zirenean. 60 urte hauetan asko aldatu da kale kantoi horietako bizitza, baina denborak ez du auzotarren arteko harremana hoztu. Datu horiek gogora ekarrita, pasa den ostegunean beren auzo kuttunaren urteurrena abiatu zuten.

Gaur, esaterako, azoka eguna izan dute eta arrakastaz ospatu dute gainera. Martin Jose Iraola kalean barrena 20 postu baino gehiago izan dira. Jendetza elkartu da horien bueltan eta denetariko produktuak ikusi, dastatu eta erosteko aukera izan da. Mokadu baterako aukera ere eskaini dute auzo elkarteko kideek.

Eguerdian, auzo bazkaria egingo dute eta arratsaldean ere izango da zertaz gozatu. Hona hemen gaurko egitaraua:

  • 16:30. Pantxo Balbuena.
  • 17:30. Bisita erraldoien etxera.
  • 19:30. Partyman umeentzako.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!