Uraren Agentzia Arrameleko zubiaren inguruan pilatutako hondakinak jasotzen hasiko da astelehenean

Ataria 2025eko irailaren 5a

Jon Andoni Irazusta pasealekuko errei bat itxiko dute, denbora tarte batez, makineria ibaira jaitsi ahal izateko; txandaka baimenduko dute trafikoa bi norabideetan.

Ekaineko euriteen ondorioz, Arrameleko zubiaren inguruan enbor eta bestelako hondakin ugari pilatuta geratu ziren. Uraren Euskal Agentziak horiek jasotzeko lanen ardura hartu zuen. Bada, datorren astelehenean, irailaren 8an, abiatuko ditu lanak.

Lan horiek egiteko, beharrezkoa izango da Jon Andoni Irazusta pasealekuaren zati batean errei bateko trafikoa aldi baterako etetea. Izan ere, garabi baten bidez jaitsiko dute makineria ibaira, zaborra pilatu den tokira, eta pixkanaka aterako dituzte hondakinak. Egun batzuetarako lana izango da. 

Astelehenean, 08:00ak aldera itxiko dute erreia. Dena dela, bi norabideetako trafikoa baimenduko da, txandaka. Hala eta guztiz ere, Udaltzaingoak inguru hori ekiditeko eta beste bide batzuk lehenesteko dei egin du, ahal den neurrian behintzat.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!