Hilabetean dokumental bat proiektatuko dute Leidorren

Ataria 2025eko irailaren 5a

115 lagunek parte hartu zuten ekainean argitaratutako asebetetze inkestan, eta gehienek, begi onez ikusi dute dokumentalaren proposamena; irailaren 11n ikusi ahal izango da ikasturteko lehen filma.

Ekainean Leidor aretoko zinemazaleei helarazitako asebetetze inkestaren emaitzen berri eman du Tolosako Udaleko Kultura Sailak. Guztira, 115 lagunek erantzun zuten galdetegia. Adierazi dutenez, gehienak, erabiltzaile fidelak dira. Izan ere, erantzun dutenen erdia, astean behin baino gehiagotan joaten da Leidorrera, eta %27a, astean behin.

Eskaintzari dagokionez, aldaketa nagusi bat izango da aurrerantzean. Hilabetean behin, dokumental bat proiektatuko dute, zinemazale gehienek begi onez ikusi baitute proposamena. Askotariko gaiak jorratuko dituzte dokumentalek, baina azpimarra gizarte gaietan jarriko da, hori izan baita gehien nabarmendu dena. Kultura Sailetik adierazi dutenez, posible den guztietan ere, euskarazko filmak edo euskal zuzendariek egindakoak sartuko dituzte programazioan.

Hala, erabiltzaileen iritzietatik abiatuta prestatuko dituzte, aurrerantzean, hilabeteroko zinema eskaintzak. Irailaren 11n, osteguna, emango diote hasiera zinema ikasturteari Leidorren, Secretos de un crimen filmarekin. Zineforumeko saioa izango da, eta ohi moduan, 20:30ean hasiko da. Hain justu, saio horien ordutegiaren egokitasuna izan zen inkestako gaietako bat. Bada, erdiak baino gehiagok –%52k– mantentzearen alde egin du; hortaz, bere horretan uztea erabaki da. Ordutegi orokorraz galdetuta, %70ak egokia dela iritzi dio. 

Ontzat jo duten beste gauzetako bat zine bonuarena izan da. Inkesta erantzun dutenen %80k erosten du. Ikasturte honetan ere eskuragarri izango dira, Leidorreko leihatilan bertan, bere ohiko ordutegian, baita leidorantzokia.janto.es webgunean ere. 10, 20 edo 30 saiotarako bonuak daude, guztiak ere, urtea amaitu bitarte erabili beharrekoak.

Kultura Sailak eskerrak eman dizkie galdetegia erantzun dutenei, informazio baliagarria izan baita planifikatzerako orduan. Hobetzeko proposamen gehiago ere jaso dira, eta bideratu ote daitezkeen aztertuko dutela aurreratu dute.

Guztira, hamabi film eta dokumental bat proiektatuko dituzte hilabete honetan. Hona hemen eskaintza:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!