Asteburu honetatik aurrera, berriro irekita egongo dira Tolosako ikastetxeetako jolastokiak, edozein herritarrek erabili ahal izateko. Hiru patio egongo dira erabilgarri: Samaniego Herri Eskolan, goiko eraikineko eremua; Laskorain ikastolan, Usabalgo eraikineko jolastokia; eta Herrikide ikastetxean, DBH eta Batxillergoko eraikinaren patioa, San Blas auzoan dagoena.
Larunbat eta igandeetan, ordutegi berean irekiko dituzte, 10:00etatik 20:00etara. Ordutegi horren barruan, ikastetxeak antolatutako jardueraren bat egongo balitz, izan kirol partidak, izan entrenamenduak, hark izango luke lehentasuna dagokion espazioa erabiltzeko. Zehaztutako ordutegitik kanpo, itxita egongo dira jolastokiak, eta ezin izango da barrura sartu.
Joan den maiatzean jarri zen neurria martxan, udalak sustatuta. Urteetako eskaera izan da eskoletako jolastokiak zabaltzea. Tolosako Herritarren Batzarrak egindako gomendioen artean dago gaztetxoen aisialdirako espazioak egokitzea, eta ohar hau egin zuen hori eskatzeko: «13-18 urteko gazteek ez dute sarbide publikoko espazio estalirik inoren tutoretzapean egon gabe egon, eta sozializatzeko (batez ere neguan)». Gaztetxoek eurek ere ohartarazi izan dute horretaz: iaz, adibidez, Nerabeen Foroak hainbat proposamen aurkeztu zizkion Udalari, eta tartean zegoen «toki estaliak» erabili ahal izatea.
Maiatzean eta ekainean izan ziren jolastokiak zabalik, eta udalak adierazi duenez, erantzun ona izan zuen. Hainbat gaztetxok eta familiak baliatu dituzte azpiegitura horiek aisialdirako. Hain justu ere, helburu hori du jolastokiak irekitzeak: aisialdirako leku gehiago jartzea herritarren eskura, eta kirola egiteko azpiegiturak ere erabilgarri jartzea, horrekin bizimodu osasuntsuagoa sustatzeko.
Argazkiak: Tolosako Udala.