Andragorak, Tolosaldeko Emakumeen Etxeak, prest du ikasturte berrirako eskaintza. Lehen hitzorduetako bat irailaren 24an izango da, Andragoran bertan, 18:00etatik 20:00etara. Menopausiaren inguruko saioa egingo dute, Hitz egin dezagun menopausiaz - Hablemos de menopausia izenburupean.
Udaleko Berdintasun Sailak Tolosako Osakidetzako emaginekin koordinatuta antolatutako hitzaldi-ikastaroa da, etapa horietan ezagutza eta autozaintza ulertu eta sustatzeko. Generoaren eta osasunaren ikuspegitik, menopausia eta klimaterioa emakumeen bizi-etapa gisa ulertuta egingo da. Beatriz Del Olmo eta Olatz Esnaola Osakidetzako emaginek gidatuko dute saioa. Gazteleraz izango da eta 40 eta 60 urte arteko emakumeei zuzenduta egongo da, batik bat.
Ikastaroaren helburuak dira menopausia eta klimaterio egoerak ulertzea eta ikusaraztea, sintomak arintzeko neurriak ezagutzea, bizimodu osasungarriak sustatzea, etapa horietan emakumeen ahalduntzea sustatzea eta osasun-ingurunea eta emaginen arreta Tolosako emakumeei hurbiltzea.
Saio honen edukiera dagoeneko beteta dago, baina sortu duen ikusmina ikusita, aurrerago beste ikastaro bat egiteko erabakia hartu du Berdintasun Sailak. Saio berri horren data ez dute zehaztu oraindik, baina parte hartzeko interesa dutenek, irailaren 21a baino lehen izena eman beharko dute. Horretarako, 688 869023 telefonora deitu edo WhatsApp mezua idatzi edo berdintasuna@tolosa.eus helbidera idatzi behar da.
Zerbitzuak eta elkarguneak
Ikastaro hori ez ezik, arretarako zenbait zerbitzu eta elkargunerako espazioak ere eskainiko ditu Tolosaldeko Emakumeen Etxean, beste urte batez.
Lau zerbitzu mota
-
Aholkularitza juridikoa: Asteazkenak, bi astetik behin. 16:00-20:00.
-
Aholkularitza psikologikoa: Banakako zerbitzua, txandaka. Asteazkenak: 16:00-21:00. Ostegunak: 10:00-15:00.
-
Ikasketak eta prestakuntza-ibilbideak homologatzeko aholkularitza: Banakako aholkularitza. Hileko lehenengo asteartean. 16:00-20:00.
-
Aholkularitza laborala, etxeko langile zein enplegatzaileentzat: Astelehenak, bi astetik behin. 16:15-18:30
Elkarguneak
-
Indarkeria matxista pairatzen edo pairatu duten emakumeentzako laguntza taldea: Asteazkenak: 10:00-12:00. Indarkeriatik ateratzeko edo iraganean jasandakoa gainditzeko laguntza-espazioa da. Entzunak eta babestuak sentitzea, konpartitzeko topagune bat izatea, tentsio fisiko eta emozionala bideratzea, eta emozioak eta harremanak hobeto kudeatzen ikastea dira helburuak.
-
Ama sarea, dinamizatutako saioak: Hileko lehen astelehena. 18:00-20:00.
-
Kafe tertulia: Jatorri anitzeko emakumeentzako elkargunea. Asteazkenak 17:00-19:00.
Zerbitzuren bat behar duenak edo elkarguneren batera gerturatu nahi dutenek, Andragoratik pasa, 943 00 89 67 telefonora deitu edo mezua idatzi, edo andragora@andragora.eus helbidera idatzi beharko dute. Andragora lan egunetan egongo da zabalik, honako ordutegian: astelehenetik ostegunera 10:00-14:00 eta 16:00-19:00 bitarte. Eta ostiraletan, 10:00-14:00 artean.