Urtea amaitu aurreko lau azoka berezien datak, finkatuta

Ataria 2025eko irailaren 4a

Tolosa Goxua izango da udazkeneko lehen azoka berezia; urriaren 25ean egingo dute. N. ROLDAN DE ARANGUIZ

Aurten ez da Mikologika azoka egingo; urrian izango da Goxua, azaroan Esneki eta Babarrunaren Festa, eta abenduan, Gabonetako Azoka Berezia.

Tolosako Udalak finkatu ditu dagoeneko urte amaierara bitarte herrian izango diren azoka berezien datak. Lau hitzordu izango dira, laurak udazkenean. Aurten, baina, ohikoa baino bat gutxiago izango dira. Izan ere, Mikologika azoka ez da egingo. Tolosako Kasino elkarteak antolatu ohi du onddo eta perretxikoen festa, baina Idiakez Jauregian kokatuta dagoen elkartean egiten ari diren obrak tarteko, ez egitea erabaki dute.

Urriaren 25ean izango da lehen hitzordua: Goxua, gozogintzaren azoka berezia. Hurrengoa, Esneki izango da, Euskal Herrian egindako mota guztietako gazta eta esnekien inguruko azoka. Azaroaren 7 eta 8an ospatuko da. Bi aste geroago, azaroaren 22an, ospatuko da Babarrunaren Festa, Euskal Jaiarekin batera. Urteko azken azoka berezia Gabonetakoa izango da, abenduaren 20an.

Azoka berezien eta larunbateroko azokaren inguruko informazioa zuzenean jaso nahi dutenek Azoka Lagun egiteko aukera dute. Horretarako, Tolosakoazoka.eus/azoka-lagunak web-orriko galdetegia bete behar da.

Azokatik Mahaira ikastaroa, larunbatean

Landaola Gipuzkoako landa garapen elkarteen federazioak eta Gipuzkoako Azoken Sareak sustatuta, Azokatik Mahaira sukaldaritza ikastaroa antolatu dute, larunbaterako, irailak 6, Zerkausiaren azpiko ontziralekuan, azoka eguna dinamizatu asmoz.

Anne Otegi sukaldariak eta Aitziber Aizpuru nutrizionistak gidatuko dute saioa, eta azokan bertan erosi daitezkeen garaiko eta bertako produktuak izango dituzte oinarri.

11:00etan hasiko da ikastaroa, eta ordu eta erdi iraungo du, gutxi gorabehera. Saio irekia da, hau da, ez da izen-ematerik egin beharko. Amaieran, azokako produktuekin prestatutako errezeta dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!