«Ilusio eta gogo handiz egiten ari gara denboraldiaurrea»

Ataria 2025eko irailaren 3a

Tolosa CF-ren futboleko gizonezkoen lehen taldearen aurkezpena egin dute. Josu Ibarbia ibartarra da bere entrenatzailea.

Denboraldi hasierako argazkia atera zuten atzo arratsaldean Tolosa CF-ko futboleko gizonezkoen talde nagusiak. Erregional ohorezko mailan jokatuko du, eta Josu Ibarbia da bere entrenatzailea. Denboraldiaurrea «ilusio eta gogo handiz» egiten ari direla esan du Ibarbiak. Irailaren 13 eta 14ko asteburuan jokatuko dute ligako lehen partida, Eibarko Urki taldearen aurka, etxetik kanpo.

Ibarbiak gaineratu duenez, entrenamenduen maila «oso altua» izaten ari da: «Karga handiarekin ari gara, baina jendea errendimendua ematen ari da. Jokatu ditugun partidetan ere sentsazio onekin gabiltza. Gustura gaude, beraz». Jomugan Hirugarren Mailako igoera lortzeko borrokan egotea izanik, Ibarbiak egunerokotasunari begiratzen dio: «Helburua da astelehenetik ostiralera ahalik eta ondoen entrenatzea, eta gero partidetan ausartak izan baloiarekin, eta baloirik gabe oso biziak eta oldarkorrak izan. Gero, etortzen diren zaleek ikustea talde honek transmititzen duena ona dela, gustatzen zaiela, eta ikusi dezatela talde ausart eta gogor bat. Partidetan dena utziko dugu klub eta herri honengatik».

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!