Iurramendi kalean eraiki berri diren etxebizitzetatik Kondeaneko aldapara bitarteko bidegorria eraikitzeko lanak hasi dituzte. Behin betikoz onarturiko urbanizazio proiektuan aurreikusitako lanak dira eta, ondorioz, garapen urbanistikoa gauzatu duen enpresaren kargu doan karga urbanistikoa.
Garapen urbanistikoaren barruan onartutako bidegorriaren proiektuak, berez, aurreikusten du etxe berrietatik suhiltzaileen parkeko biribilgunera arteko zatia egitea. Bada, oraingoz, lehen erdian egingo dituzte lanak: etxe berrietatik Kondeaneko aldapara bitartean, Iurramendi egoitzaren sarrerako eraikinera arte, alegia.
Horretarako, Martin Jose Iraola kaleko aldaparen azken zatian dagoen harrizko horma eraitsi dute eta alboko zelaiaren malda leundu, bidegorriaren zatia egin ahal izateko.
Tolosako Udalak esan du aurrerago egingo dutela bigarren erdia, biribilgunera artekoa. Aldi berean, gainera, agintaldiaren hasieratik Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan dira udal ordezkariak, biribilgunetik Amarotz auzora doan bidean falta den zatia ere egin ahal izateko; izan ere, hori eginda, Txaramara joateko bidea guztiz konektatuta geratuko da.