Zabalik da etxebizitza alorreko diru laguntzak eskatzeko epea

Ataria 2025eko irailaren 3a

Tolosako zenbait etxebizitza-eraikinen ikuspegia.

Alokairua ordaintzen laguntzeko edota etxe hutsak eraberritu eta alokairu sozialera bideratzeko eskatu daiteke diru laguntza; eskaera egiteko epea irailaren 20an amaituko da.

Maiatzean argitaratu zuen Tolosako Udalak aurtengo diru laguntzen deialdi bateratua, 17 lerro biltzen dituena. Horietako bi etxebizitza alorrekoak dira, eta horien kasuan, eskaerak egiteko epea abuztuko bigarren hamabostaldian ireki zen.

Batetik, alokairua ordaintzen laguntzeko diru laguntzak daude, 58.800 eurora arte –agortuko balitz, 20.000 euro gehiagorekin osatuko da poltsa–. Tolosan ohiko bizileku den etxebizitzaren errenta ordaintzen laguntzeko laguntza da. Hilabetean gehienez 300 eta 350 euro artean ematen dira, lehiarik gabeko konkurrentzian. Gutxienez azken hiru urteetan Tolosan erroldatuta dagoen edonork eskatu ahal izango du, beti ere etxerik jabetzan ez badu, Etxebiden izena emanda badago eta beste erakundeetatik dirulaguntzarik jasotzen ez badu. Esteka honetan irakurri daiteke laguntzaren inguruko informazio gehiago.

Bestetik, etxebizitza hutsak eraberritu eta alokairu soziala sustatzeko diru laguntzak daude, 40.000 eurora arte –agortuko balitz, beste 40.000 euro gehiago–. Diruz lagunduko dira 2024ko irailaren 1etik 2025eko abuztuaren 31ra bitarteko data izan eta Alokabideren aldeko azken txosten teknikoan jasota dauden eraberritze-lanak. Laguntza Alokabidek eskatutako obraren zenbatekoaren %50 da, gehienez 6.000 euro, edo Alde Zaharreko etxebizitzen kasuan, 12.000 euro. Informazio osagarria, esteka honetan.

Eskaerak, bi modutara

Eskaerak egiteko epea irailaren 20an itxiko da. Bi modutara egin ahal izango dira: udalaren egoitza elektronikoan, hau da, webguneko tramiteen atalean, edo Udaten, herritarren arreta-zerbitzuaren bulegoan.

Eskaerak erregistro elektronikotik nola egin jakiteko gida eta bideoak eskuragarri daude webgunean. BakQ ziurtagiri elektronikoa nola eskuratu ere azaltzen da orrialde horretan.

Informazio gehiagorako, Etxebizitza Sailarekin ere jarri ahal izango da harremanetan, 010 (deia Tolosatik bertatik egiten bada bakarrik) edo 943 65 44 66 telefono zenbakira deituta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!