ERREPORTAJEA

Lau ohol, hamaika aukera

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko irailaren 5a

Thierry Biscary kantari baxenabartarrak eta Oreka TX bikoteak txalaparta oinarri izango duen kontzertua egingo dute, bihar, Tolosako Urkizu auzoan, 18:00etan hasita.

Tolosako Udaleko Kultura Sailak urteak daramatza Kultura Plazara egitasmoa antolatzen. Udako hilabeteetarako, kultur egitarau zabala antolatu eta herritarrei musika, dantza, zinema nahiz antzerki emanaldiez gozatzeko aukera ematea du helburu. Ikasturtean zehar jakina da Tolosan ez dela aspertzeko aukerarik izaten, ez behintzat, kultur arloan, eta udan ere jarraipena eman nahi izaten diote etenik gabeko ziklo horri.

Bada, irailean sartuta, heldu da egitasmoari amaiera emateko momentua. Irailaren 12tik 14ra, Zumardiaundian ospatuko den jaialdi nagusiarekin bukatuko da aurtengo edizioa, baina aurrez, asteburu honetan, bi saio izango dira. Biak ere, landa eremuetan, udalak apustua egin baitu kultur eskaintza eremu horietan bizi diren herritarrengana heldu dadin. Gaur, Esti Markez aiarra, Bedaio auzoan ariko da, 19:00etatik aurrera. Bihar, berriz, Urkizu auzoan, Thierry Biscary kantari baxenabartarraren eta Oreka TX taldearen txanda izango da; elkarrekin ariko dira, 18:00etan hasiko den saioan.

Biscaryrentzat berezia izango da emanaldia. Ez du gogoan noizbait Tolosan kontzerturik egin ote duen. Urkizu auzoan, baina, estreinakoz kantatuko du. Hori bai, ez da bertan egongo den lehen aldia izango, bertako elkartean bazkaldu baitzuen duela urte batzuk. Publiko kritikoa espero duen ala presiorik sentitzen duen galdetuta, honakoa erantzun du baxenabartarrak: «Beti badut kezka bat, sanoa. Kantatzen dut, orduan, hitz egiten dut, eta axola zait jendearengana iristea. Hori izaten da kontzertu guztietan nire helburua».

Harreman baten jarraipena

Oreka TX egongo bada, ezinezkoa da txalapartarik ez izatea; eta ez bakarra, gainera. Kontzertuaren oinarria izango da. Egurrezko eta harrizko oholekin osatutako txalapartak ahotsarekin eta perkusioarekin nahastuko dituzte. Biscaryri kontzertua egitea eskatu ziotenean, berehala pentsatu zuen Harkaitz Martinezekin eta Igor Otxoarekin batera aritzea. «Nire hurrengo diskoa prestatzen ari naiz, eta oraingoz, eskaintzeko ezer berria ez daukadanez, elkarrekin aritzea pentsatu nuen. Gure errepertorioetako kantuak uztartuko ditugu».

Biscaryren eta Oreka TX bikotearen arteko harremana, baina, ez da Urkizun hasiko. 15 urte inguru dira elkarrekin kolaboratzen hasi zirela. «Noizbehinka, oso gutxitan, halako kontzertuak egiten ditugu. Oreka TX ezagunagoa da musika instrumentalagatik, baina beraien diskoetan eta zenbait emanalditan, ahotsak ere badu lekua».

Harreman horren erakusgarri da 2019an txalapartariek argitaratu zuten Koklea diskoa, Biscaryk bertan parte hartu baitzuen. Hala ere, badituzte proiektu gehiago ere elkarrekin. «Haur ikuskizun bat ere egiten dugu, tarteka; proposamen berezi bat da, Babes izenekoa. Bestetik, duela gutxi, kontzertu berezi bat egin genuen Ataunen, organo jotzaile batekin. Eta udazkenean, esaterako, Frantziara goaz, beste organo jotzaile batekin, kontzertu bat egitera», azaldu du kantariak.

Thierry Biscary eta Oreka TX, 'Babes' haur ikuskizunean.

Biscaryk aitortu du «oso gustura» aritzen dela txalapartari bikotearekin. «Oso irekiak dira, oso profesionalak, eta aldi berean, oso gertukoak. Badakite edozein egoeratara egokitzen, eta proposamen eta ideia ugari izaten dituzte eskuartean. Harreman ona eta ederra daukagu. Naturalki eramaten ditugu aurrera proiektu berriak», gaineratu du.

Joleak baino, menderatzaileak

Kantuan ez ezik, perkusiozko instrumentuak jotzen ere ariko da Biscary. Bonbo eta pandero bana eramango ditu; hori bai, batez ere kantatu egingo du. «Ni kantaria naiz, eta nahiago dut, zalantzarik gabe. Neure burua ez daukat perkusio jotzaile ontzat, baina behar bat dagoenean, nire ekarpena egiten saiatzen naiz», azaldu du.

Euskal Herrian perkusiozko instrumenturik bada, hori txalaparta da. Biscaryrentzat musika tresna bat baino gehiago da. «Kasik, filosofia bat da. Oraindik ere asko erakartzen nau. Beste instrumentuek ez daukaten zerbait dauka. Bikotean jotzen da, eta beste jolearekin erritmo jakin bat partekatu behar duzu. Uneoro entzun behar duzu bikotekidea, bera jarraitu ahal izateko. Errespetatu egin behar da. Zentzu horretan, asko gustatzen zait», azaldu du.

 

Thierry Biscary: «Kasik filosofia bat da txalaparta. Beste instrumentuek ez daukaten zerbait dauka»

Biscaryk aitortu du txalapartarekin ere moldatzen dela. «Berez, ondo jotzea gauza konplexua bada ere, lehen harremana oso erraza izaten da. Egin dezaket zurekin, egin dezaket haur batekin. «Baina, Harkaitzek eta Igorrek menderatu egiten dute. Haien ondoan txalaparta jotzea ez da gauza handia», nabarmendu du.

Bilakatuz, biziarazi

Komunikatzeko tresna izatetik, folk musika egiteko edo ekitaldi berezietan jotzeko erabiltzera igaro da txalaparta. Bilakaera horretan euskaldunon gaitasunak ezinbesteko garrantzia izan duela esan du Biscaryk: «Zerbait gustatzen zaigunean, moldatu egiten dugu, biziarazi, eta hori lortu dugu txalapartarekin. Asko erabiltzen delako lortu da bilakaera hori gertatzea. Erabilera horrek aldaerak ekarri ditu, aldaera asko, eta horri esker dago bizirik».

Oreka TX taldeak azken hamarkadatan jakin du txalapartari zukua ateratzen, eta garai berrietara egokitzen, eraberritzen, mundu osoko estiloekin uztartzen. «Instrumentua bera noraino eraman duten ikusi izan dudanean, batzuetan, pentsatu izan dut: «Ez al da gehiegi?» Nik ikasi dudan txalaparta ez da beraiek menderatzen dutena. Beraiena garatuagoa eta konplexuagoa da, eta nik jotzen dudana, tradizionalagoa. Gero, zeinen erraz jotzen duten ikusten dudanean, inbidia sanoa sentitzen dut».

Thierry Biscary: «Euskaldunoi zerbait gustatzen zaigunean, moldatu egiten dugu, biziarazi, eta hori lortu dugu txalapartarekin»

Horretarako gakoa dedikazioan dagoela esan du Biscaryk. «Nik eskaini diodan denborak ez du zerikusirik beraiek eskaini diotenarekin. Egunerokotasunean nola lan egiten duten ikusten duzunean, orduan konturatzen zara txalaparta jotzeko duten gaitasuna ez dela egun batetik bestera lortzen edo lantzen. Beharko nuke eta nahiko nuke denbora pixka bat hartu, gaitasun hori hobeto ulertzeko, baina ez daukat».

Bakarkako ibilbidea

2000ko hamarkadan, zenbait taldetan aritu ondoren, Kalakan taldean egin zen ezagun Biscary. 2018an, berriz, bakarkako bideari ekin zion, Manez ezizenarekin, eta Manez eta Kobreak diskoa argitaratu zuen. «Nire aitatxiren izengoitia zen, eta nire orduko lana oso lotua zen nire baserriari, nire sortetxeari. Orduan, ezin nuen onartu nire lanak nire izenean kaleratzea».

Urtebetera, Manez B diskoa kaleratu zuen, orduan, baina, bere izenean. «Konturatu nintzen hobe nuela hasieratik Thierry Biscary izan, eta ez Manez. Baina, guztioi gertatzen zaigun bezala, batzuetan ez dugu guztiz asmatzen. Garai hartan ez nengoen prest». 2020an, Muda izeneko hirugarren lana ere argitaratu zuen.

Azken bost urteetan, baina, bestelako ardura batzuk izan ditu baxenabartarrak. «Lehen, ehuneko ehunean aritzen nintzen musikan, baina gaur egun, kargu bat daukat Euskal Hirigune Elkargoan, eta horrek denbora asko kentzen dit. Ez dut izaten nahikoa tarte musikan aritzeko, eta proiektuak aurrera eramateko. Banabil, baina erritmo motelago batean», azaldu du. Datorren urtean, baina, disko berri bat grabatu eta plazaratzeko asmoa du. «15 kantu ditut buruan, eta horiekin guztiekin edo horietako batzuekin osatuko dut lana».

KULTURA PLAZARA

  • IRAILAK 5, OSTIRALA.
    • 19:00. Esti Markezen kontzertua, Bedaion.
  • IRAILAK 6, LARUNBATA.
    • 18:00. Oreka TX eta Thierry Biscaryren emanaldia, Urkizun.
  • IRAILAK 12, OSTIRALA
    • 19:30. Dantza ikuskizuna: NODE.
    • 20:00. Rüdiger.
    • 22:00. Izaki Gardenak.
  • IRAILAK 13, LARUNBATA
    • 20:00. Bea Asurmendi.
    • 22:00. Sukena.
  • IRAILAK 14, igandea
    • 11:00-14:00. Tolosaldeko sortzaileen azoka.

*Irailaren 12tik 14ra bitarteko ekitaldiak, Zumardiaundian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!