«Gure kultur erakundearen oraina eta etorkizuna bermatzeko uste dugu erabakia beharrezkoa zela»

Ataria 2025eko irailaren 2a

Topic-eko bisita gidatu baten artxiboko argazkia.

Topic-eko zuzendariak kargugabetu zituzten abuztuan eta Kepa Goikoetxea TEEko lehendakariak jakinarazi duenez bidegabeko kaleratzeagatik abiatutako auzibide administratiboa abuztuaren 20an amaitu zen: «Eurek ere onartu dute kargugabetzea eta zegokien kalte-ordaina. Epaitegietan ez du ibilbide gehiago izango kontuak eta dagoeneko eten dugu elkarrekin genuen harremana».

Tolosako Topic Nazioarteko Txotxongilo Zentroa ez dute, hemendik aurrera, Juanjo Herrerok eta Estitxu Zalduak zuzenduko. Tolosako Ekinbide Etxearen (CIT-TEE) Zuzendaritza Batzordeak bazkideei helarazitako gutun batean jakinarazi zuen uztail bukaeran, eurekin zuen kontratua bertan behera uztea erabaki zuela, «ebaluazio sakon bat eta behar bezalako gogoeta» egin ondoren.

Kepa Goikoetxea TEEko lehendakariak jakinarazi duenez bidegabeko kaleratzeagatik abiatutako auzibide administratiboa abuztuaren 20an amaitu zen: «Eurek ere onartu dute kargugabetzea eta zegokien kalte-ordaina. Epaitegietan ez du ibilbide gehiago izango kontuak eta dagoeneko eten dugu elkarrekin genuen harremana».

Erabakiaren berri emateko gutunean TEEk kargugabetzerako zenbait argudio eman zituen: «kudeaketa eskasa eta begi-bistako emaitzarik eza», ildo estrategikoen «definizio argirik» ez egotea, zenbait lan-gatazka egoera, eta etorkizuneko «ikuspegi ez oso argia» egotea, besteak beste. Goikoetxeak adierazi du ez zaiola arrazoi bat besteari gailendu, elkar elikatu dutela: «Arriskutsua zen egosten ari zen giroa eta geroz eta handiagoa zen egonezina lantaldean. Horregatik, gure kultur erakundearen oraina eta etorkizuna bermatzeko uste dugu erabakia beharrezkoa zela».

Zuzendarien ustekabea

Herrero eta Zaldua zuzendariek adierazi dute «atsekabez eta ustekabean» izan dutela erabakiaren berri, eta minduta daudela aitortu: «Aurrez inongo abisurik eman gabe jakinarazi digute, eta modua ez da inondik inora egokiena izan». Biek ala biek euren egitekoak «profesionaltasunez eta konpromisoz» gauzatu dituztela nabarmendu dute, eta jarduneko hiru urteetan egindako zenbait lan nabarmendu dituzte, horien artean, nazioarteko harremanak garatzea eta sendotzea, digitalizazio proiektuak, ikasketa goi-mailako zentroekin lankidetzak sortzea, eta tokiko sareekin, eragileekin zein artistekin harremana eta elkarlana sustatzea: «Lanean eta eraikitzen hutsetik hasi ginen, eta museoaren defizita txikitu egin dugu urtez urte».

«Benetan pena eta harridura handiz jaso dugu berria. Sekulako proiektua da, eta ez dakigu etorkizunean zer gertatuko den orain abian zeuden lan-lerroekin», horrela hitz egin dute bi arduradunek, eta «zehaztasun eza» gaitzetsi dute: «Ez dituzte zehaztu zein diren gabeziak. Kudeaketa ziur hobetu daitekeela, baina gaizki zer egiten ari ginen ere ez digute esan».

TEEko Zuzendaritza Batzordeak ez du «dialektika» horretan sartu nahi izan, baina Goikoetxeak adierazi du «zuzen» bideratu dela kargugabetzea: «Uste dut formak mantendu direla, gutun bitartez jakinarazi zitzaien batzordearen erabakia eta hortik aurreragoko itsuskeriarik ez da egon. Ez da errespetu faltarik egon, ezta gutxiagorik ere». 

Gisa honetako erabaki bat hartzea inorentzat ez dela atsegina aipatu du TEEko lehendakariak. «Gure kulturan ez dira ohikoak kargugabetzeak eta alde guztientzako izan da gogorra. Erabakia hartu beharra zegoen; ezin denean ezin da». Goikoetxeak nabarmendu du Zuzendaritza Batzordeak aho batez hartu duela erabakia.

Gertaera honek ez du baldintzatuko Topic-eko jarduna eta bermatuta egongo da programazioa urtea amaitu bitartean. Dena den, TEEk abiatu du zuzendari berria aukeratzeko prozedura. «Udan lan egin dugu orain arte zerk funtzionatu duen eta zerk ez aztertzeko eta zuzendari berriaren profila ondo zehazteko. Zenbait doikuntza egin ditugu postuaren funtzioetan», esan du Goikoetxeak.

Herrerok eta Zalduak ezingo diote hiru urteotako esperientzia zuzendari berriari transmititu. Goikoetxea: «Harremanak momentu honetan dauden bezala daude eta ez dugu posible ikusten. Beraz, guk ere ez diegu horrelakorik eskatuko. Etxe barruan badago jendea urteak daramatzana eta jakintza hori transmititzeko gai dena». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!