Kultura Plazara jaialdiko landa auzoetako kontzertuetara joateko doako autobus zerbitzua egongo da

Ataria 2025eko abuztuaren 29a

Kultura Plazara jaialdiaren iazko edizioan, eskualdeko sortzaileen azoka egin zuten. LEYRE CARRASCO

Abuztuaren 31n Aldaba auzora, irailaren 5ean Bedaiora eta irailaren 6an Urkizura joan-etorria egiteko doako zerbitzua izango da aukeran. Aurrez egin behar da erreserba, kultura@tolosa.eus helbidera idatzita, eta gaur da horretarako azken eguna.

Kultura Plazara udako kultur eskaintza azken txanpan sartuko da. Gaur, Suite Seda taldearen emanaldia izango da San Frantzisko pasealekuan, 19:30etik aurrera. Talde donostiarrak funk, soul eta disko estiloetako doinuak uztartzen ditu. Igandean, abuztuaren 31n, Aldaba auzoan, Hutsun & Ortzi konpainiak Urbasa akrobazia-ikuskizuna egingo du, 18:00etatik aurrera.

Iraileko lehen astean ere hiru emanaldi izango dira. Lehena, hilaren 4an, osteguna. Trapu Zaharra antzerki konpainiak Azkena eta bagoaz! antzezlana egingo du Berazubi auzoan; 19:00etan izango da emanaldia. Irailaren 5ean, ostirala, Esti Markezen kontzertua izango da Bedaio auzoan, 19:00etan. Azkenik, hilaren 6an, larunbata, Oreka TX eta Thierry Biscary elkarrekin ariko dira Urkizun, 18:00etan. Egurrezko eta harrizko txalapartak ahotsarekin eta perkusioarekin nahastuko dituzte.

Landa eremuetako, hau da, Aldaba, Bedaio eta Urkizu auzoetako, emanaldietara joan-etorria egiteko, doako autobus zerbitzua izango da aukeran, hirigunetik. San Frantzisko eliza pareko autobus geltokitik irtengo da autobusa, saioa hasi baino ordubete lehenago. Zerbitzua doakoa bada ere, aurrez eman behar da izena, kultura@tolosa.eus helbidera idatzita. Erreserba egiterakoan, izen-abizenak, leku kopurua eta harremanetarako telefonoa zehaztu behar dira. Gaur da izena emateko azken eguna.

Amaiera, jaialdiarekin

Kultura Plazara egitasmoa irailaren 12tik 14ra Zumardiaundian ospatuko den asteburu osoko jaialdiarekin amaituko da. Lehen egunean, Node dantza konpainia (19:30), Rüdiger (20:00), eta Izaki Gardenak (22:00) izango dira; hilaren 13an, berriz, Bea Asurmendi (20:00) eta Sukena (22:00). Igandean, Tolosaldeko sortzaileen azokak emango dio amaiera egitasmoari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!