2010ean jarri zen martxan txapelketa, eta orduan ostalaritza hasi zen antolatzen, Tolosari bizi pixka bat emateko. Abuztuaren azkeneko asteburuan antolatzen hasi zen. Jendeari gustatu zitzaion, eta horren ondorioz txapelketa indarra hartzen joan zen. Gaur egun, partida guztiak egun bakarrean jokatu ordez, ligaxka bat egiten da, asteartetik ostiralera, eta larunbatean kanporaketak eta finala izaten dira. «Gaur egun, bereaz, bost eguneko txapelketa bat da. Jende askok parte hartzen du eta abuztuaren bukaera eta irailaren hasierari beste ukitu bat ematen dio, eta iksturte hasiera indarrarekin hasteko modu ona da», esan du Iñigo Iñurrita antolakuntzako kideak.
Txapelketa hau indarra hartzen joan zen heinean, bost urte bete zituenean Tolobolei klubaren sorrera iritsi zen. «Klubak hamar urte ditu eta horren ondorioz sustatu da boleibola Tolosaldean. Gaur egun 220 gazte daude jokatzen, 180 neska eta 40 mutil. Horrez gain, beste 80 gazte daude jokatzeko gogoz, baina une honetan ezin ditugu kudeatu hainbeste pertsona».
Guztira 15 talde klubean: alebinen lau talde, bi talde infantil neskena eta bat mutilena, hiru talde kadete neskena eta bat mutilena, bi talde jubenil neskena, senior talde bat gizonezkoena, eta senior talde bat emakumezkoena, aurten Euskal Liga jokatuko duena. «Kluba indarra hartzen ari denaren seinale da», zehaztu du Iñurritak.
XV. Hondartzako Boleibol Txapelketa Mistoari dagokionez, irailaren 2tik 6ra egingo da, eta asteartetik ostiralera ligaxka moduan 27 taldek jokatuko dute. Guztira 180 partaide inguru ariko dira, horietatik 121 gizonezkoak eta 60 emakumezkoak. Ligaxkako partidak jokatuko eta gero sailkapen bat osatuko da, eta irailaren 6an kanporaketak jokatzen hasiko dira. Partidak 16:30ean hasi eta 23:00ak arte izango dira, eta ostiralean 24:00ak arte. Larunbatean, 09:30etik hasiko dira kanporaketak, eta finala 20:00ak inguruan hastea espero dute.
Partidaz aparte, aurten XV. edizioa izanik, ostiralerako gau tematiko bat prestatu dute. «Gaia Brasil atera da.», esan du Ane Gorostegi antolakuntzako kideak. «Guk musikarekin eta mozorroekin girotzeko asmoa dugu, eta espero dugu jendea gehitzea proposamen honetara. Lehenengo urtea denez, ikusiko dugu ea zer gertatzen den». Bestalde, zozketak egingo dituzte astean zehar. Hainbat tabernek opariak eskaini dituzte zozkatzeko, eta astean zehar txosnan txartelak erosteko aukera izango da, eta arratsaldeetan zehar egingo dituzte zozketak. Azkenen egunean, finalaren baino lehen, tarte bat emango zaie klubean dabiltzan hainbat gaztetxori, jolasen bat egiteko hondarretan. «Asmoa da nolabait txapelketaren parte izateko eta baita ikusgarritasuna emateko ere klubean dauden gaztetxo guztiei», zehaztu du Gorostegik.
Txapelketaren aurkezpenean Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkatea izan da, eta lehenbizi eskertu die hasiera hartan txapelketa antolatzeko ideia izan zutenei. «Urte gutxiren ondoren kluba sortu zen, eta klubak ekarri du une honetan 200dik gora gazte boleibolean jokatzen aritzea Tolosan. Eta nabarmenduko nuke emakumeen kirola sustatzeko zer ekarpen egin duten», esan du Martinez de Rituertok. «Bestalde, azpimarratzeko da boleibol txapelketak zer suposatu izan duen Tolosan. Batzuetan ezkutuan geratzen da, baina adin guztietako jendea elkartzen da, jatorri ezberdinetako jendea, neskak eta mutilak elkarrekin, eta nik uste dut oso balore garrantzitsuak direla, eta boleibolak hori dauka. Eta hori lortu dute eta txapelketan bertan ikusi da zer giro sortzen den».
Tolosak «zorionez kirol eskaintza oso zabala» duela gaineratu du alkateak, eta ez dela erraza hori kudeatzea. «Baina udaletik ahalegin guztiak egingo ditugu kirol guztiak sustatzen jarraitzeko, eta bereziki boleibola. Azkenekoak iristen izan dira, eta ematen du eskubide gutxiago edukiko balituzte bezala. Iaz lortu genuen Usabalen sartzea, eta uste dut ulertu behar dugula denok boleibolak ere gainontzeko kirol guztiek bezala bere espazioa behar duela. Ea denon artean gai garen behar duen duintasunez kirol hau praktikatzeko behar diren baliabideak mahai gainean jartzea».