Tolosaldeko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak (KIUB) Rondilla kaleko Gorosabel eraikinean jarraituko du, baina aurrerantzean hirugarren solairuan egongo da. Hortaz, arreta jaso nahi duten herritarrek eraikineko goiko solairura igo beharko dute abuztuaren 18tik aurrera.
Abuztuan, zabalik
Abuztuan oraindik izango da arreta jasotzeko aukerarik: hilaren 18an, 19an eta 20an bulegoa zabalik izango da, 9:00etatik 14:00etara. Abuztuko gainerako egunetan itxita izango da. Bulegoak irailaren 8an berreskuratuko du ohiko jarduna: astelehenetik asteazkenera, 9:00etatik 14:00etara.
Doako zerbitzua da KIUB, eta aurretik hitzordua eskatuta, zuzeneko arreta pertsonalizatua eskaintzen du. Eskualdeko edozein herritar joan daiteke bertara kontsumo arloan arazoren bat edo zalantzaren bat duenean eta kontsumitzaile edota azken erabiltzaile gisa. KIUBek hiru arlotan egiten du lan: kontsumitzaile edota erabiltzaileei orientazioa eta aholkularitza eskaintzen ondasun bat erosi edo zerbitzu bat kontratatu aurretik eta ondoren, kontsumitzaile edota erabiltzaile gisa dituzten eskubide eta betebeharrei dagokienez; kexa, salaketa eta erreklamazio guztiak izapidetzen; eta prestakuntza alorrera ere bideratzen ditu zerbitzuak.