Tolosako Topic Nazioarteko Txotxongilo Zentroa ez dute, hemendik aurrera, Juanjo Herrerok eta Estitxu Zalduak zuzenduko. Tolosako Ekinbide Etxearen (CIT-TEE) Zuzendaritza Batzordeak bazkideei helarazitako gutun batean jakinarazi duenez, eurekin zuen kontratua bertan behera uztea erabaki du «ebaluazio sakon bat eta behar bezalako gogoeta» egin ondoren.
Gutun horretan aipatzen dituzte erabakia hartzeko arrazoiak izan direla, besteak beste, «kudeaketa eskasa eta begi-bistako emaitzarik eza», ildo estrategikoen «definizio argirik» ez egotea, zenbait lan-gatazka egoera, eta etorkizuneko «ikuspegi ez oso argia».
Zuzendariak «harrituta eta atsekabetuta»
Herrero eta Zaldua zuzendariek adierazi dute «atsekabez eta ustekabean» izan dutela neurriaren berri, eta minduta daudela aitortu: «Aurrez inongo abisurik eman gabe jakinarazi digute, eta modua ez da inondik inora egokiena izan».
Biek ala biek euren egitekoak «profesionaltasunez eta konpromisoz» gauzatu dituztela nabarmendu dute, eta jarduneko hiru urteetan egindako zenbait lan nabarmendu dituzte, horien artean, nazioarteko harremanak garatzea eta sendotzea, digitalizazio proiektuak, ikasketa goi-mailako zentroekin lankidetzak sortzea, eta tokiko sareekin, eragileekin zein artistekin harremana eta elkarlana sustatzea: «Lanean eta eraikitzen hutsetik hasi ginen, eta museoaren defizita txikitu egin dugu urtez urte».
«Benetan pena eta harridura handiz jaso dugu berria. Sekulako proiektua da, eta ez dakigu etorkizunean zer gertatuko den orain abian zeuden lan-lerroekin», horrela hitz egin dute bi arduradunek, eta «zehaztasun eza» gaitzetsi dute: «Ez dituzte zehaztu zein diren gabeziak. Kudeaketa ziur hobetu daitekeela, baina gaizki zer egiten ari ginen ere ez digute esan».
Programazioa itxita
Zenbait proiektu bertan behera geratzeko aukerak ikusten dituzte zuzendariek «ekimen pertsonala» eskatzen dutelako eta ez dutelako «trantsizioa egiteko aukerarik» izango hurrengo zuzendaritzarekin. Dena dela, ekaina amaitzerako antolatuta zituzten Titereszenako bigarren seihilekoko eta Titirijai jaialdiko programazioak, eta horiek aurrera jarraituko dute.
TEEko Zuzendaritza Batzordeak aldaketa «zinez beharrezkotzat» jotzen du gutunean, eta bere gain hartu du zuzendaritza talde berri bat bilatzeko eta aukeratzeko ardura: «Erabaki hau ez da erraza izan, baina zinez uste dugu beharrezkoa dela, gure kultur erakundearen oraina eta etorkizuna bermatzeko». Kepa Goikoetxea lehendakariak esan du ez dutela adierazpenik egingo, eta irailean «talde berriarekin zerbait antolatzeko» asmoa azaldu du.
Bestalde, Juanjo Herrerok eta Estitxu Zalduak aipatu dute arloko lankideen «babes handia» jaso dutela azken egunotan, eta eskerrak eman dizkiete elkarlanean aritu direnei: «Eremu profesionaletik harago, eraikitzaile aritu gara, baina amaiera honek ez digu utzi etapa behar bezala ixten».