Bihar aldaketak izango dira Tolosako Hiribusaren ibilbidean

Ataria 2025eko abuztuaren 6a

Irailetik aurrera ibilbide berria izango du eta bihar probatuko dute. Biharko aldaketa salbu, Hiribusak ohiko ordutegia egingo du abuztuan. 

Tolosako Hiribusaren ibilbidean zenbait aldaketa egingo dituzte irailean eta, hori dela eta, bihar ibilbide berria probatuko dute geltoki batetik besterako denborak «ahalik eta zehaztasun handienarekin» neurtzeko. Tolosako Udaletik adierazi dute zerbitzua hobetzea eta biztanle gehiagorengana iristea direla helburuak, eta auzoen eskaerei eta zerbitzua kudeatzen duen enpresaren gomendioei jarraituz diseinatu dituztela.

Biharko probak aldaketak eragingo ditu geltoki batzuen kokalekuetan eta ordutegietan, baina abuztuan ohiko ordutegi eta geralekuak mantendu ditu autobus zerbitzuak. Ibilbide eta ordutegi berria irailaren 1etik aurrera sartuko da indarrean.

Larramendi abiapuntu
Irailetik aurrera Larramendi kalea izango da Hiribusaren abiapuntu nagusia: 11. zenbakiko geltokitik irtengo da autobusa —gasolindegiaren paretik—. Orain arte goizeko eta eguerdiko zerbitzu batzuk igarotzen ziren; ostegun honetan, eta irailetik aurrera, auzotarren eskariari erantzunez, beti igaroko da bertatik. Bi geldialdi egingo ditu autobusak Larramendi kalean: 11. eta 3. zenbakien parean.

Norabide eta geltoki aldaketak
Behin San Frantzisko pasealekua igarota, Hiribusa Berazubira joan beharrean, Araba Etorbidean behera egin eta 5. zenbakiaren parean egingo du geldialdia, lineako gainerako autobusek egiten duten leku berean.

SAM zubia gurutzatuta, Iurre auzora abiatuko da. Geldialdia, ordea, lekuz aldatuko da: biribilgunean dago ohiko geralekua, baina ostegun honetan (eta irailetik aurrera) Iurramendi pasealekuko 1. zenbakiaren alboko eskaileren parean geratuko da, igoera-jaitsiera erosoagoa izan dadin.

Paper Kaletik jarraituko du autobusak, baina gaur egun egiten duen bidearen kontrako norantzan; Berazubi auzo aldera, alegia. Hortaz, Paper Kaleko geralekua ere —Norvegiarren lorategien ondokoa— lekualdatuko da, ohikoa denaren parera.

Berazubi auzoari dagokionez, Tolosa CFren plazako geltokia bertan behera geratuko da, eta horren ordez, Martin Jose Iraola kaleko biribilgunean egingo du geldialdia, 16. zenbakiaren parean, gaur egun beste autobus zerbitzu batzuentzat dagoen geralekuan.

Iurramendi egoitza
Autobusak aurretik aipatutako ibilbide hori egingo duenez, Iurramendiko geltokia baliogabetuko dute: «Adinekoen egoitzara egunean bitan igo izan da orain arte, baina malda aldaketa handiak arazoak eragiten dizkio ibilgailuari». Hori ekiditeko, ostegun honetan (eta irailetik aurrera) ez da egoitzara igoko. Horren ordez, muinoaren beste aldean egingo du geldialdia, egoitzaren sarrerako eraikinaren parean, Kondeaneko Aldaparekin bat egiten duen lekuan. Udaletik adierazi dutenez, geltoki hori aldiro egongo da erabilgarri, eta Iurramendi egoitzara joatea «erraztuko du, alde horretatik malda txikiagoa baita».

Horrez gain, gaineratu dute «aurki» beste bide irisgarri bat ere izango dela egoitzara joateko: «Iurramendi kaleko urbanizazio lanak amaitzean igogailua eta malda gutxiagoko oinezko bide irisgarri bat ere izango dira».

Usabalen eta Amarotzen bi geltoki berri
Hortik aurrera, orain arteko ibilbidea jarraituko du Hiribusak. Bidean, ordea, beste bi geltoki sortuko dituzte: bata, Usabal industriagunean, Amarotz aldeko sarreran, Peñascal ikastetxearen alboan, Usabal auzoko bizilagunek eskuragarriago izan dezaten geltokia. Eta, bestea, Amarotz Auzoko 29. zenbakiaren parean —azken hori orain arte jaitsierakoa bakarrik izan da—. Bada, zertxobait aurrerago jarriko dute geltokia eta igotzeko ere balioko du.

Azken aldaketa, Santa Klaran
Azken aldaketa nagusia ibilbidearen azken zatian gertatuko da. Orain arte Asuncion Klinikan gelditu eta atzera Santa Klarara jaitsi izan da autobusa. Irailetik aurrera, ordea, klinikatik aurrera egingo du, eta Santa Lutzia auzoan barrena joango da Larramendi kalera. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!