Merkataritzari bideratutako dirulaguntzen oinarriak argitaratu ditu Tolosako Udalak

Ataria 2025eko uztailaren 28a

Braderie azokako une bat, Tolosako Alde Zaharrean.

Hiru arlotan emango dituzte laguntzak: negozio berriak sustatzeko, merkataritza biziberritzeko eta lehiakortasun programarako. Eskaerak egiteko epea irailaren 20ra arte egongo da zabalik. 

Tolosako Udalak merkataritzaren sektoreari bideratutako hiru dirulaguntza eskatzeko epea zabaldu du. Irailaren 20a izango da eskaera egiteko azken eguna, eta hiru alorretan emango dituzte: negozio berriak sustatzeko, merkataritza biziberritzeko eta lehiakortasun programarako.

Laguntza horiek jasotzeko eskaera bi modutan egin ahal izango da: batetik, aurrez aurre Udate zerbitzuan —uztailean eta abuztuan aparteko ordutegia izango du; eta, bestetik, erregistro elektronikoan

Dirulaguntzak hiru ildotan

Aipatu bezala, laguntzak hiru arlotan emango ditu Tolosako Udalak. Batetik, negozio berriak sustatzeko dirulaguntza Tolosako hiri-ekonomiako sektoreren batean enpresa-ekimen bat abiarazten duten pertsonei edo entitateei bideratuta. Laguntza horren bitartez lokalaren alokairura bideratuta 60.000 euro eta lokalaren erosketa eta eraberritze zein birgaitze gastuetarako 20.000 euroraino jaso ahal izango dituzte.

Horrekin batera, merkataritza biziberritzeko dirulaguntza, enpresa baten eskualdaketa egin eta Tolosako negozio baten ardura hartu nahi duten pertsonei zuzenduta. Kasu honetan lokalaren alokairu gastuetarako 25.000 euro, eta lokalaren erosketa gastuetarako 20.000 euroraino jaso hala izango dituzte eskatzaileek. 

Eta, bestalde, lehiakortasun programarako dirulaguntza, Tolosako udalerrian eta Apattaerrekan kokatuta dauden eta, gehienez, 50 langile dituzten enpresei zuzenduta. Ildo honen helburua garapen esperimentalei, prototipoen ekintzei eta soluzio edo zerbitzu berritzaileei bultzada ematen dieten proiektuak balioestea da, eta 15.000 euroraino jaso ahal izango dituzte eskatzen dutenek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!