57. Berazubi Pala Txapelketak baditu aurtengo finalistak

Ataria 2025eko uztailaren 23a

Tolosa CF-k antolatzen duen 57. Berazubiko Pala Txapelketaren finalak erabakita geratu ziren atzo. Bihar, 18:00etan, jokatuko dira finalak.

Astelehenean jokatu ziren Berazubi Pala Txapelketako lehen finalerdiak, Tolosako Berazubi estadioko frontoian. Gizonezkoen lehen mailako finalerdian, Odei-Goitia bikoa 30-22 gailendu zen Luixa anaien aurka. Bigarren mailako finalerdian, berriz, Aranburu-Mitxelena bikoak 30-22 irabazi zion Pagoaga eta Landak osatutako bikoteari.

Gizonezkoen lehen mailako eta emakumezkoen bigarren finalerdiak atzo jokatu zituzten. Gizonezkoetan, Zubiria-Inda bikoak eskuratu zuen finalerako txartela, Urdangarin-Luluaga bikoteari 30-22 irabazita. Emakumezkoen finalerdian, Lopez-Aldasoro bikoa 30-18 nagusitu zen Karreraren eta Muruaren aurka.

Berazubi Pala Txapelketako finalak, bihar 18:00etan hasita jokatuko dira, eta gizonezkoen bigarren mailako finala jokatuko da lehendabizi. Zurutuza-Manterloa VS. Aranburu-Mitxelena bikoek neurtuko dituzte indarrak.

Ondoren, emakumezkoen elite mailako finalaren txanda izango da. Ekhiñe-Uxue bikoak, Lopezen eta Aldasororen aurka jokatuko dute finala.

Azkenik, gizonezkoen lehen mailako finala jokatuko da. Odei-Goitia eta Zubiria-Inda bikoen artean erabakiko da Berazubiko 57. Pala Txapelketaren garailea nor den.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!