Administrazio eta Finantzen Graduan lizentziatu zen Amaia Ruiz de Galarreta (Tolosa, 1986), eta 23 urte zituela, gauza berriak probatzen hasi eta antzerkiarekin egin zuen topo. Lehenengo aukera Goenkale telesailean izan zuen, Malen pertsonaia gorpuztuz, eta bide horri jarraituz egun, aktorea da. Gaur egun, hainbat proiektutan dihardu: besteak beste, ikastetxeetan ematen diren antzerki bidezko Bullying-a ez da jolasa eta DESkonektatuak proiektuen sortzaileetako bat da, Tolosako antzerki talde baten gidaritza darama, eta horrez gain, bakarrizketaria ere bada.
Zerk bultza zintuen aktore lanetan hastera?
Barrutik betetzen ez ninduen lan egonkor bat izateak, gehienbat. Administrari gisa lanean ari nintzela, lan orduetatik kanpo gauza ezberdinak probatzen hasi eta antzerkiarekin topo egitean, ohartu nintzen bertan ni izan nintekeela. Antzerkian, aukera polit bat sentitu nuen neure burua ezagutu, esperimentatu, eta sormena lantzeko.
Nolakoa izan zen batetik besterako saltoa?
Administrari gisa hainbat urte eman nituen lanean, urteak aurrera joan ahala konturatu nintzen toki hori ez zela nirea, aspertu egiten nintzen eta ez nintzen batere ase sentitzen egiten nuenarekin, zerbait falta zitzaidan. Zaletasun gisa, eta zerbait berria probatzeko asmotan, antzerki klase batzuk jasotzen hasi nintzen, Donostian. Aurretik, umea nintzela, ikastolan, klase batzuk jaso nituen, eta berriro heldu nahi izan nion horri. Zaletasun bezala hasi zen hori ikaragarri gustatzen zitzaidala konturatu nintzen, izugarri betetzen ninduen. Gauzak horrela, 23 urte nituela, lana utzi eta Madrilera bizitzera joatea erabaki nuen, aldaketa drastiko bat eman nuen. Bertara joan nintzen zer pasako zen jakin gabe, baina, argi nuen ez nuela nuen bizitza ereduarekin jarraitu nahi. Urtebetez egon nintzen Madrilen antzerki ikasketak burutzen, Arte 4 eskolan. Antzerkia, kamara aurrea… denetarik lantzen genuen bertan. Bertan nengoela, Goenkaleko casting-era aurkezteko deia egin zidaten, casting-a egitera Euskal Herrira etorri, eta hautatua izan nintzen. Goenkalekoa urtebeteko esperientzia izan zen, eta hori amaitutakoan, nire antzerki ikasketak amaitu nituen Donostian, TAEn, Arte Eszenikoen Tailerrean.
«Bertara joan nintzen zer pasako zen jakin gabe, baina, argi nuen ez nuela nuen bizitza ereduarekin jarraitu nahi»
'Goenkale'-n bizi izan zenuen beraz lehenengo esperientzia.
Aurretik iragarkiren bat edo beste egin banuen ere, aktore gisa lehenengo esperientzia Goenkalen izan zen, bai. Oso fuerte hasi nintzen, zerotik ehunera. Goenkale, egunerokotasunean grabatzen zen telesaila zen, eta aktore oso onez inguratuta nengoen; Ramon Agirre zen nire aita, eta Miren Gaztañaga ama, esperientzia handia duten bi aktore dira, eta beraiekin lan egitea oso aberasgarria izan zen, opari bat, asko ikasi nuen.
Aktore izatea izan daiteke ogibide?
Honi buruzko inkesta batzuk argitaratu zituzten orain dela gutxi eta, ikusgarria zen, Euskal Herrian zein Espainian, ze gutxik lortzen duten aktore lanaz soilik lan egitea. Beraz, ez da erraza aktore izatea, eta, gainera, asko idealizatzen den lan bat dela iruditzen zait. Jendearen aurrean lana egitean, ematen du dena zoragarria dela eta bizitza oso ona daramagula, baina egunerokotasunean, erronka eta segurtasunik ezari egin behar izaten diegu aurre. Gaur egun, oso puntu onean aurkitzen naiz, oso gustura nago egiten dudanarekin, eta esan dezaket nire ogibide bakarra aktore lana dela.
«Jendearen aurrean lan egitean, ematen du dena zoragarria dela, baina, erronka eta segurtasunik ezari egin behar diegu aurre»
Zein dira esku artean dituzun proiektuak?
Lau proiektu nagusirekin nabil orain. Batetik, Foru Aldundiaren Kultur Katalogoan aurkitzen diren bi proiektu ditut: Bullying-a ez da jolasa eta DESkonektatuak. Nerabeekin egiten dugu lan bietan, euren egunerokoan eragina duten gaiak lantzen ditugu antzerkia eta tailer pedagogikoen bitartez. Bestetik, antzerki klaseak ematen ditut, Tolosako kultur etxean. Erronka handia izaten ari da, kurtso amaieran emanaldi bat egiten baita Leidorren, eta horretarako 26 pertsona zuzentzen ari bainaiz. Proiektu honi esker asko ikasten ari naiz bai pertsonalki, bai aktore moduan ere. Azkenik, bakarrizketak ere egiten ditut. Bakarrizketen munduan nahiko murgilduta nago; pasa den urtean hasi nintzen eta uste baino askoz emanaldi gehiago ditut lotuak. Egin dudan gauzarik zailenetakoa da bakarrizketena; izan ere, jendearen aurrean jarri eta hauek barrezka jartzeko gai izango den gidoi bat esku artean izatea ez da batere erraza. Lortutakoan, ordea, ikaragarria da sentitzen dena. Eta, nola ez, ateratzen doazen gauza solteei ere gogo handiz heltzen diet; film laburrak eta beste hainbat ekimen.
Zertan dute oinarria 'Bullying-a ez da jolasa' eta 'DESkonektatuak' proiektuek?
Duela zazpi bat urte hasi nintzen Barbara Rivas aktorearekin batera Bullying-a ez da jolasa proiektuan lanean, ikastetxeetan. Kurtso batean ezagutu nuen Barbara, eta bion artean gogotsu geunden zerbait berria sortzeko. Jazarpena gai oso garrantzitsua iruditu zitzaigun, eta hasieran proiektua eskoletara bideratu ez bagenuen ere, azkenean horretan amaitu genuen. Udal ezberdinekin bilerak lotu genituen, eta proiektua aurrera ateratzeko diru laguntza bat lortu genuen. Egun, DBH1eko ikasleekin egiten dugu lan. Gure proiektua Foru Aldundiaren Kultur Katalogoan aurkitzen da, eta urtero eskola ezberdinek aukeratzen gaituzte beraien ikasleekin antzerkiaren bidez lanketak egiteko. Jazarpena lantzen dugu antzerkia eta tailer pedagogikoak uztartuz. Jasotako erantzuna izugarria izan da; urteak daramatzagu proiektu honetan murgilduta.
«Antzerkiaren bidez, arreta bereganatzea errazagoa da, eta mezua azkarrago jasotzen da»
Gai honen bueltan asko dago lantzeko, zoritxarrez, jazarpen kasuak ez dira gutxitzen. Proiektua lantzen dugun ia klase bakoitzean badago norbait, modu batera edo bestera, jazarpena jasaten duena, eta baita egiten duena ere. Ezinbestekoa da gai hauek ikastetxeetan lantzea. Saioak gauzatzen ditugunean, ikasleren baten baitan lanketak eraginik badu, lorpen handia da guretzat. Lan sozial hauek, telebista eta zinea bezain ikusgarriak ez badira ere, asko betetzen naute. Zazpi urte hauetan asko aldatu da gure emanaldiaren edukia. Funtzionatzen duten eta baliagarriak diren elementuei eutsiz, emanaldia etengabe moldatzen goaz. Zerk funtzionatzen duen eta zerk ez aztertzen dugu, eta egungo errealitatera egokitzen gara. Jazarpenaren formak aldatu egin dira zazpi urte hauetan, eta guk emanaldiaren edukia forma horietara egokitzen dugu.
Bestalde, DESkonektatuak proiektuari dagokionez, iaz Esti Curiel aktoreak eta biok teknologiarekiko menpekotasuna lantzeko asmoz sortu genuen proiektua. Hemen ere DBHko ikasleekin egiten dugu lan, eta Bullying-a ez da jolasa proiektuaren formatu bera du. Biek antzekotasuna dute formatuan, baina oso gai ezberdinak lantzen dituzte. Hasiera batean, gure proposamena Donostiako Hezkuntza Sailera bidali genuen, eta onartu egin zuten. Irailetik abendura bitartean 30 saio lotu genituen Donostiako ikastetxe ezberdinetan, eta hortik Foru Aldundiaren Kultur Katalogoan sartzea lortu dugu.
Konturatu nintzen engantxatuta nengoela, bai ni eta baita nire ingurua ere. Ez zait iruditzen gai hau nerabeena soilik denik; gizarte osoaren isla da. Antzerkiaren bidez, arreta bereganatzea errazagoa da, eta mezua azkarrago jasotzen da. Ikusten dugu gazteek gero eta gaitasun txikiagoa dutela denbora luzez zerbait ikusteko edo entzuteko... Horregatik, 15 minutuko piezatxo bat sortu dugu, eta harremanak lantzen ditugu bertan, elkarrekiko sakontasun faltan jarriz fokua. Elkarrekin gaude, baina ez dugu elkar ezagutzen. Askotan, errazagoa egiten zaigu mezuz adieraztea gertatzen zaiguna, aurrez aurre esatea baino. Ez zaigu ahaztu behar ikasleen erreferenteak diren gurasoak ere, askotan, teknologiarekiko engantxatuta daudela. Zerotik sortutako proiektu batek eskoletan zein ondo funtzionatzen duen ikustea zoragarria da. Gurekin kontatu nahi dutela ikustea, ikasleek euren buruak gure emanaldietan identifikatzea… horrek guztiak kontzientzia kolektiboa indartzen du. Emanaldietan irtenbiderako tresnak eskaintzen saiatzen gara, aholku batzuen bidez, baina batez ere hausnarketa kolektiboa bultzatzen dugu, irtenbide bateratuak bilatzeko.
Nola kudeatzen dituzu proiektu batetik bestera egoten diren hutsune-aldiak?
Ez da batere erraza izaten hori gestionatzea. Batez ere, lan gutxirekin zaudenean, autoestimuari eragin zuzena sortu diezaioke. Fase ezberdinak izan ditut bizitzan: oso frustratuta egon izan naiz, inpotentzia handiarekin, galduta, lanik gabe, nora jo jakin gabe. Orain konturatzen ari naiz geldialdiak daudenean, eta lana nahi dudanean, nik neuk hasi behar dudala sortzen, mugitzen, ate joka. Ezin zara itxaroten eta geldirik egon. Azkenean, zerbait egiten ari zarenean, energia hori ere mobilizatzen ari zara, eta horrek errazten du gauzak ateratzea. Dei bati itxaroten ari bazara, frogatuta daukat telefonoak ez duela sekula jotzen. Gustuko ditudan gauzei bide bat ematen saiatzen naiz. Iniziatiba izan, kurtso berrietara joateko, elkarlanean aritzeko…
Zein izan da egindako lanik gustukoena? Zergatik?
Zerotik sortzea itzela iruditzen zait, eta izugarri betetzen nau. Esku artean ditudan bi proiektu hauek, Bullying-a ez da jolasa eta DESkonektatuak, oso aberasgarriak zaizkit. Ikus-entzunezkoei dagokienez, Pikuak web-seriea grabatzea esperientzia zoragarria izan zen. Gaur egungo gaiak lantzen genituen, hala nola pornografia, eta hiru lagunen elkarbizitzan oinarritzen zen. Maddi Castroren zuzendaritzapean lan egin genuen, eta lantaldeko gehienak emakumeak ginen. Egokitu zitzaidan papera asko gustatzeaz gain, esperientzia oso ona bizi izan nuen orokorrean; oso erosoa egin zitzaidan lan-prozesua.
Zein esango zenuke dela orain arteko zure lorpenik handiena?
Lan honetan jarraitzea bera, bidean izan ditudan oztopo guztiei emozionalki aurre egitea, eta eskoletan gauzatzen ditugun proiektuek nerabeengan duten eragin zuzena esango nuke direla nire lorpen handienak.
Nola prestatzen zara pertsonaia batean murgiltzeko?
Ezberdina da pertsonaia nik sortzen dudanean edo ematen didatenean. Ematen didatenean, testua ondo aztertzen eta barneratzen saiatzen naiz, pertsonaiaren jarrerak ulertzeko zuzendariaren laguntzaz baliatuz. Behin argi dudanean egokitu zaidan pertsonaia nolakoa den, haren jarrerak niregan bilatzen saiatzen naiz. Niretzat, denok dena gara; iruditzen zait une jakin batean oso lotsatia izan naitekeela, edo oso irekia, inbidiosoa, eskuzabala… Izate hori nire baitan non dagoen bilatzen dut, emandako papera ahalik eta naturalen egiteko. Pertsonaiak bizi dituen egoerak eta nik bizi izan ditudanak alderatzen saiatzen naiz, paperean ahalik eta gehien sartzeko. Nire ustez, interesgarriena egin beharrekoa egiatik egitea da.
Nola kudeatzen dituzu urduritasuna eta presioa proba edo antzezpen baten aurretik?
Adibidez casting bat dudanean, presioa kentzen saiatzen naiz, erlatibizatzen, duena baino garrantzia gehiago ez ematen. Askotan, casting bat egite hutsarekin geure burua Hollywood-en ikusten dugu. Hankak lurrean mantentzen saiatzen naiz ni beti. Nire zoriontasuna paper horretan jartzen badut, izugarrizko presioa jartzen diot neure buruari eta presio horrek ez du laguntzen proba egiteko garaian. Garrantzia kendu, erlatibizatu… gero, errealitatean zaila bada ere. Azkenean, proba batean etengabe epaitzen ari zaizkizun hainbat begi dituzu zuri begira, eta ez da erraza hori ondo eramatea. Gestionatzea kostatzen zaidan beste kontu bat, proba baten ondoren erantzunik ez jasotzearena da. Casting bat pasa ondoren, askotan, ez digute ezezkorik ere esaten, itxaroten ari gara eta bat-batean ikusten duzu jada atera dela pelikula edo dena delako hori. Gustatuko litzaidake zentzu horretan errespetu gehiago izatea gure denborarekiko, gure lanarekiko… Zentzu horretan, ez zait gustatzen nola dagoen muntatuta proben mundua. Antzezteko garaian, berriz, egindako lan guztian dut konfiantza, neure burua balioztatzen saiatzen naiz. Lana egin gabe edota lanketa nahikorik egin gabe antzezlanera joanez gero, izango duzun urduritasun maila handiagoa izango da, baina, zure aldetik egin dezakezun guztia egiten baduzu, segurtasun handiagoarekin joango zara, eta hobeto kudeatuko duzu.
Zein dira antzerkian, zineman eta telebistan lan egitearen ezberdintasunak? Zein duzu gustukoen?
Fase oso ezberdinak izan ditut; telebista eta zinea, kamera aurrea, izugarri gustatzen zaizkit, eta lasaitasun puntu hori ematen didate gainera. Antzerkian, azkenean, egiten duzuna egiten duzu, aukera bakarra daukazu, batzuetan hobeto, besteetan okerrago… Kamera aurrean lan egiteak konfiantza puntu bat gehiago ematen dit: badakit gaizki egiten badut, beste aukera bat izango dudala, eta, horrek, aktore bezala, beste toki batean jartzen nau, bere alde on eta txarrekin. Antzerkiak momentuan ematen dizun txute hori, ez dizu telebistak edota zineak ematen. Ez nuke jakingo zerekin gelditu.
Zein izan da egindako lana baloratzeko erabili duten modurik esanguratsuena?
Gaur egun atentzio gehien deitzen didana, eta nire ibilbidearen eta lanaren aitortza gisa esanguratsuena, proiektu baterako zuzenean niri deitzen didatenean da, sortu duten papera nik egitea nahi dutela esaten didatenean. Casting edota inongo probarik pasa behar izan gabe papera nirea denean, opari handi bat iruditzen zait. Adibidez, pasa den urtean, amatasunaren inguruko film labur batean hartu nuen parte, Pentsatzen dut, Iraitz Mateo, Karmele Mitxelena eta Alaia Martinen zuzendaritzapean, zeina 2025eko Laburbirarako hautatua izan den. Bertako protagonistaren papera betetzeko, zuzenean nirekin kontatu zuten, eta hori, egiten dudan lanarekiko aitortza handi bat da niretzako, gauzak ondo egiten ari naizen seinale. Opari bat da sortzen duten pertsonaia bat nigan ikustea.
Nola kudeatzen dituzu kritika eraikitzaileak zein negatiboak?
Kritikak ondo jasotzea beti egiten zait zaila. Azkenean, zer ondo egon behar duzun barrutik, botatako kritikek zuregan eraginik ez izateko, ezta? Beste behin, kritika horiei dutena baino garrantzia gehiago ez ematen saiatzen naiz, argi dago denen gustuko ez zarela izango edo ez zaiela denei gustatuko zuk egindako lana. Nik nire esku dagoen guztia egiten badut, nik geratu behar dut egindakoarekin gustura. Egia da, zure momentuko egoeraren arabera, gehiago edo gutxiago eragingo dizula kanpotik jasotakoak. Jakin behar da lanbide honen parte dela kritika. Uste dut ezin dela lan bat egin eta inongo feedbackik espero ez izatea; egiten dena, azkenean, jendearentzat egiten da, erantzun bat izango du beti. Aldi berean horren zain gaude ere, behar da ikuslearen feedback hori, kontua da nola esaten dizuten eta zein den modua.
Entzun nahi ez dudana jasotzen dudanean, hor dago nire terapeuta laguntzeko. Terapiara joaten naiz, eta hau oso laguntzazkoa da niretzat, egunerokorako nahiz autoestimurako. Esango nuke, egun, kritikak ez ditudala ez gaizkiegi, ezta ondoegi ere jasotzen, erdibideko zerbait da. Gazteagoa nintzenean askoz okerrago jasotzen nuen, esperientziak asko lagundu dit, baita bakarrizketetan hasteak ere. Bakarrizketetan momentuan ikusten duzu gustukoa den ala ez, pertsonen espresiotan aurkitzen da erantzuna. Kostatu zait hori guztia asimilatzen ikastea, oraindik ere egunak dauzkat. Iruditzen zait ezinbestekoa dela egiten duzunak ondo funtzionatzen duenean, subidoi handiegirik ez izatea, eta funtzionatzen ez duenean, berriz, gehiegi ez dramatizatzea; oreka bilatzea. Azkenean, oso gora igotzen garenean, behera jaisterakoan hartzen den mina oraindik eta handiagoa da. Gure autoestimuak ez du jendearen erantzunen eta balorazioen eskutik joan behar.
Zer esango zenioke zure iraganeko Amaiari?
Lasai egoteko, bidea luzea dela, bere buruarengan gehiago sinesteko eta ez konparatzeko besteekin. Gehiago zentratzeko bere buruarengan, zer egin nahi duen, zer sortu, norekin… animoak emango nizkioke, eta ondo joango zaiola esan. Borrokatzen jarraitzeko.
Noizbait lanbidea uzteko pentsaera izan duzu? Horrela bada, zerk heldu zintuen?
Pentsaera askotan. Egin izan ditut beste lan batzuk ere, lurrindegi batean egin nuen lan, pandemia ondoren, jardunaldi erdian. Beste lan batzuk ere betetzen naute, baina, ez hainbeste. Eta, hemen, benetan nahi dudana egiten ari naizela sentitzen dut, eta hori oso sentsazio positiboa eta ona da. Ogibide hau oso ezegonkorra bada ere, ematen didana oso positiboa da. Honetan jarraitzeko heltzen didana barrenean egiten dudana benetan gustatzen zaidala sentitzea da. Askotan galdetu izan diot neure buruari ea zergatik ari naizen lan honetan eta lan honen atzetik: Besteen errekonozimendua bilatzeko? Jendearen gustukoa izateko? Behin baino gehiagotan egin dut hausnarketa hori eta ohartu naiz hori baino askoz gehiago dela lanbide hau niretzako. Hori soilik izango balitz, aspaldi utzita izango nuke. Zenbat min jasotzen duzu, zenbat ezezko…
Ezezko asko jasotzen dituzunean etsi egiten duzu, agian horretarako balio ez duzula pentsatzen duzu, baina, gero, ikusten duzunean egiteko aukera duzun gehienetan zer ondo joaten den… barreneko senak heltzen nau. Horrenbeste gustatzen zaizun horretan aritzeak, merezi du askotan. Bere alde onak eta txarrak dauzka, baina, nik honetan jarraitzeko asmoa daukat.
Nola uztartzen dituzu bizitza pertsonala eta lan artistikoaren exijentzia?
Ama naiz eta bi urteko umetxo bat daukat. Esango nuke behar bezala uztartzen ditugula familian, lanbidearen exijentzia. Nire bikoteak asko lagundu dit, beti animatzen nau honetan jarraitzera, ekipo on bat egiten dugu bion artean. Berak ordutegi on bat dauka lanean, eta ondo moldatzen gara umearekin eta egin beharrekin. Egia da bai bere gurasok eta bai nire gurasok asko laguntzen digutela, eta oso zortekoak garela. Beste familia egoera batzuetan kontziente naiz agian ezingo litzatekeela. Oso zorionekoa naiz, nire lana egin ahal dudalako, eta ordutegi ez hain egonkorrekin gainera.
Zer-nolako bilakaera ikusten diozu zure ibilbideari datozen urteetan? Etorkizunera begira, zein proiektutan egin nahiko zenuke lan?
Argi daukat proiektuak sortzen jarraitu nahi dudala, baita interesatzen zaizkidan gaiak lantzen dituzten proiektuak eraikitzen ere. Film luzeetan gehiago sakontzea gustatuko litzaidake, film labur dezente egin badut ere, gogoa daukat pelikula batean pertsonaia potente bat edukitzeko eta hori bizitzeko.
Zein da euskal arte eszenikoaren egoera egun?
Iruditzen zait EITBk fikzioan ez duela inongo apusturik egiten. Egia da, pila bat gauza grabatzen ari direla orain Euskal Herrian, baina, gaztelaniaz eta plataforma handietarako. Euskaraz oso gauza gutxi grabatzen dira, oso egoera txarrean dago euskal fikzioa. Iruditzen zait, aktore oso onak eta interesgarriak daudela Euskal Herri mailan, euskal fikzioan apustu handiago bat egin ahal izateko. Iluna ikusten dut zentzu horretan.
Zer motatako istorio gehiago kontatu beharko lirateke, zure ustez, euskal antzerkian edota zineman?
Amatasunaren gaia, generoa, matxismoa, etxebizitzen problematika… Gaur egungo gaiak eta arazoak ikusi nahiko nituzke euskal fikzioan nahiz antzerkian, gaur egun sufritzen ditugunak.





