GOGORATUZ

Eguzki izpi musikalak

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko abuztuaren 17a

Ostarteko kideak; ezkerretik hasita, lehena, Zubiaurre, eta azken biak, Olazabal eta Bengoetxea. OSTARTE

Inauterietan debuta egin ondoren, Ostarte erromeria taldea prest dago datozen hilabeteetan herri eta hirietako festak girotzeko; taldeko musikarietatik hiru tolosarrak dira.

Erromeria talde berri bat jaio da Tolosan. Ostarte du izena, eta zazpi kidek osatzen dute. Guztiak ez dira tolosarrak, baina gehiengoa bai. Ibai Olazabal tronpeta-jotzailea, Gaizka Zubiaurre tronboi-jotzailea eta Manex Bengoetxea bateria-jotzailea tolosarrak dira, eta haiek arduratzen dira haizezko instrumentuez eta erritmoaz; Maren Otegi abeslari zarauztarra, Ane Urbieta trikitilari zestoarra, Naroa Arnaiz gitarra-jotzaile sondikarra eta Eric Quinapanta baxujole burgostarra dira taldeko gainerako kideak.

Iazko udan, erromeria talde bat sortzeko ideia «buruan bueltaka» zebilkiela aitortu du Olazabalek. «Gaztetatik aritu izan naiz txarangetan, batez ere, udan, eta iazko udako agenda nahiko betea izan nuela eta, testuinguruz eta giroz aldatu asmoz, erromeria talde bat sortzeko ideia nuela adierazi nien nirekin txarangan aritzen diren Gaizkari eta Manexi. Proiektuarekiko interesa zutela esan zidaten, eta irailean taldea osatzeko kide gehiago bilatzen hasi ginen», azaldu du.

Taldearen izenari buruz galdetuta, zintzoa izan da Olazabal: «Azaroan, entseatzen hasi ginenean, taldearen izena erabakitzeko ez ginen ados jartzen, eta orduan, Adimen Artifizialari galdetzea otu zitzaidan». Tolosarrak honela jarraitu du: «Taldearen helburua zein zen esan nion: musikaren bitartez, egiten dugunarekin gozatzea eta publikoa gozaraztea. Berehala, zenbait izen posible proposatu zituen, eta horien artean, Ostarte iruditu zitzaigun onena, esanahi polita zuelako». Erromeria taldeen izenak sortzeko ere gai da, pentsa! «Ostartea, zeru lainotsu batean agertzen den argitasuna da. Hain justu, gu ikustera eta entzutera etortzen direnak, une batez bere egunerokotasunaz ahaztea nahi dugu», azaldu du Olazabalek.

Musikari prestatuak

Bada, taldekide bila hasi zirenean, Olazabal Otegirekin jarri zen harremanetan. Bere ikaskide izan zen Donostiako kontserbatorioan, eta gaur egun Nafarroako goi mailako kontserbatorioan piano ikasketak egiten ari da; tolosarra ere bertan ari da tronpeta ikasketak burutzen. «Orduan, berak gure ikaskide diren Naroa eta Ericekin hitz egin zuen, eta proiektua martxan jartzen hasi ginen». Baina, Erromerietan ezinbestekoa den trikitilaria falta zuten, eta azkenean, Urbieta batu zitzaien, zazpikotea osatzeko.

Azken urteetan geroz eta erromeria talde gehiago daude, musikari gazteez osatutakoak. Ostarteren kasuan, baina, taldekideen formakuntza nabarmentzen du Olazabalek. Bere iritziz, gaur egun, musikari berriak «geroz eta prestatuago» daude, ez erromerietan bakarrik, oro har baizik. «Gaur egun, lehen baino musikari gehiagok egiten dituzte erdi mailako edo goi mailako ikasketak. Gure taldean, hiru gara goi mailako musika ikasketak egiten ari garenak, eta beste batek bukatu ditu dagoeneko. Esango nuke, beraz, hori dela gure taldearen ezaugarri nabarmenena».

Kantu propioen bidea

Oraingoz, kantu ezagunen bertsioak interpretatzen dituzte; gazteentzat «oso ezagunak» direla nabarmendu du Olazabalek: «Nahiz eta gazteen gustu musikalak azken aldian asko aldatzen ari diren, txikitatik entzun ditugun talde mitikoen abestiek arrakasta izaten jarraitzen dute». Tolosarra arduratzen da horien moldaketez: «Abestiak aurrez idatzita eramaten ditut entseguetara, lanak errazteko, estrukturaz, armoniaz eta tronpeta eta tronboierako moldaketez arduratzen naiz», azaldu du.

Bertsioez gain, Otegik sortutako abestiak ere jotzen dituzte; besteak beste, inauterietako kontzertuan, zarauztarraren Su ala errautsa abestia jo zuten. Hain justu, sormen lanaren bideari jarraipena ematea da taldearen helburuetako bat: «Talde askok, oro har, kantu ezagunen bertsioekin osatzen dituzte errepertorioak. Guk, baina, pixkana, kantu propioak sortuz egin nahi dugu bidea», azaldu du Olazabalek. Hizkuntzari dagokionez, ia euskara hutseko errepertorioa dute; soilik bi kantu abesten dituzte gaztelaniaz.

Lehen plaza, etxean

Taldearen izenari aipua eginez, Tolosan aurkitu zuten argitasuna, inauterietan egin baitzuen taldeak bere lehen kontzertua; Isabelita gunean aritu ziren, Zaldunita bezperan. «Oso eskertuta gaude udalak emandako aukerarengatik. Kontzertu polita izan zen. Beti da berezia lehen aldiz etxean jotzea, eta gertukoak zu ikustera joan direla jabetzea. Beste taldekideen herrietako lagunak eta familiako kideak ere gerturatu ziren gu entzutera». Bigarren kontzertua, berriz, larunbat honetan egingo dute. Aizarnazabalgo Gazte Egunean ariko dira, 22:30ean hasita.

Hala ere, uda izan ohi da erromeria taldeen erakusleiho nagusia, orduan ospatzen baitira herri eta hirietako festak, eta batera eta bestera aritu ohi dira talde asko. Ostarteko kideek ere hala ibiltzeko ilusioa dute. «Urte hasieran udaletxeekin eta jai batzordeekin kontaktuan jarri ginen, eta pixkana, emanaldiak hitzartzen ari gara», aitortu du Olazabalek. Etorkizunera begira, taldekideak elkarrengandik oso gertukoak ez izan arren, multzoak luzaroan irautea dute helburu: «Zazpiok elkarrekin mantentzea eta taldea geroz eta sendoagoa izatea nahi dugu», esan du tolosarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!