Bandera irabaztetik hamar segundora geratu da Tolosaldea

Endika Apalategi Labayen 2025eko uztailaren 21a

Tolosaldea trainerua, Orioko estropadan. Argazkia: AITOR ARRIZABALAGA/ACT

Euskotren Ligako bosgarren eta seigarren jardunaldiak jokatu dira Pasaiako eta Orio uretan, eta Tolosaldea traineruak hirugarren eta bigarren postuak lortu ditu.

Pasa den asteko garaipen historikoaren ondoren, Tolosaldea traineruak emaitza onak pilatzen jarraitzen du Euskotren ligan. Sailkapen nagusian hirugarren postua sendotu du, eta asteburuan jokatu diren bi estropadetan, bandera irabaztetik hamar segundora geratu dira.

Lehen estropadan, Pasaian jokatutako II. Gertu Eraikuntzak banderan, Donostia Arraun Lagunak izan zen irabazlea, bigarren Orio izan zen, hirugarren Tolosaldea eta laugarren Hibaika. Eskualdeko traineruak lehen luzean galdu zituen bandera irabazteko aukera guztiak, izan ere, lehen ziabogara, Arraun Lagunak Tolosaldea baino zortzi segundo lehenago iritsi zen. Ramon Erostarberen neskek ez zuten amore eman, eta bigarren luze on bat burututa, hirugarren postuan sailkatu ziren.

Bigarren banderan, Orion jokatutakoan, etxeko traineruarentzat izan zen garaipena. Pasaian ez bezala, Tolosaldea traineruak estropadaren burua hartu zuen eta lehen ziabogara lehen postuan iritsi zen Oriorekin batera. Itsasoa zakar zegoen atzoko estropadan, eta bigarren luzean, Orio Tolosaldea baino hobeto moldatu zen. Amaieran, Tolosaldea bigarren izan zen, Oriorengandik bederatzi segundora.

Euskotren Ligako sailkapena:

  1. Orio. 43 puntu.
  2. Arraun Lagunak: 42 p.
  3. Tolosaldea: 37 p.
  4. Hibaika: 37 p.
  5. Zumaia: 23 p.
  6. Hondarribia: 18 p.
  7. Astillero: 16 p.
  8. Donostiarra: 12 p.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!