«Hizkuntzak ez dira galtzen, desagerrarazi egiten dituzte»

Naiara Roldan de Aranguiz 2025eko uztailaren 19a

Tolosako Plaza Zaharra euskararen aldeko aldarriz bete da eguerdian. UEMAk eta Galtzaundik deituta, eskualde mailako elkarretaratzea egin dute udal ordezkariek, eragileek eta ehunka herritarrek. 'Euskararekin bat' lelodun pankartaren atzean bildu dira euskaltzaleak «justizia, lege-babesa eta arnasa» eskatuz.

Eskuin muturreko Vox alderdi espainiarraren eskariz, EAEko udal legearen dekretutik baliogabetutako artikulu gehienak atzera bota ditu Espainiako Auzitegi Gorenak, egoera hori salatzeko Tolosaldeko herritarrak bildu dira Tolosako udaletxe aurrean.

Hamar minutu luzez elkarretaratze isilean bildu dira Tolosaldeko udal ordezkariak, herritarrekin batera, euskal musika bozgorailuetatik entzuten zela. Herritarrek pankarta txikietan euskararen aldeko mezu ugari zabaldu dituzte: Euskaraz gara, Euskal Herrian euskaraz!, Euskara larrialdi egoeran, Utzi bakean euskaldunak, Euskarak lege berria behar du, Euskara da gure territorio libre bakarra...

Alba Garmendiak, Ikaztegietako alkateak eta UEMAren ordezkariak, eta Manex Urruzolak, Galtzaundi Tolosaldeko euskaltzaleen elkarteko lehendakariak, izan dute ardura atzean bildurik zeuden herritarren kezkei hitzak jartzeko. Honela, «euskara bigarren mailako hizkuntza izatera kondenatu» dutela salatu dute; are gehiago, «ezbaian jartzen da udalek dokumentuetan euskara lehenesteko aukera». Izan ere, «euskara lehenetsiz gero, hizkuntzen koofizialtasuna urratzen dela» ebatzi baita azken sententzian.

Alba Garmendiak euskararen egoera izan du hizpide: «Euskara ez da beste hizkuntza ofizialen parekoa. Euskara larrialdi linguistikoan dago». Eta honela, mendeetan zehar euskarak jasan izandako mehatxua gogoan izan du: «Euskara jazarria, debekatua eta isildua izan da mendeetan zehar. Hizkuntzak ez dira galtzen, desagerrarazi egiten dituzte».

Epaileek «hizkuntza-politika» egiten ari direla azpimarratu du Garmendiak, baina horren aurrean euskal gizarteak eta euskal erakundeek «euskarak dagokion lekua izan behar duela erabaki dute. Normalizatzea. Biziberritzea». Beraz, bide horretatik jarraitzeko aldarria egin du UEMAko ordezkariak: «Horretarako ezinbestekoa da euskara lehenestea, eta euskararen aldeko erabakiak hartzea».

«Herritarron hizkuntza eskubideak defendatzen jarraitu ezazue»

Galtzaundiko lehendakari Manex Urruzola bere aldetik, euskarak behar duen justiziaz mintzatu da. Hain zuzen ere, «Espainiatik heldu dena, beste behin, ez da justizia, euskara bigarren mailara kondenatzen duen epaia baizik». Gehiago esan du: «Eta ez da bakarra, martxan den estrategia baten baitakoa da epai hau».

Tolosaldeko egoera aztertuta, «euskaraz bizi gara nagusiki: 10etatik ia 9k ulertzen dugu euskaraz», udalen funtzionamendua ezinbestean euskaraz izan behar dela adierazi du Galtzaundiko lehendakariak: «Normaltasun horren jarraipena besterik ez da».

Epaien aurrean, euskaltzaleei dei egin Urruzolak: «Inoiz baino gehiago batu eta eragin behar dugu, atzera ez egin, eta noski, aurrera indartsu jarraitzeko». Eta lege-araudia garatzeko eskumena dutenentzat prest zuen mezua Galtzaundiko ordezkariak: «Euskararen indarberritze-prozesuari lege-babes sendoa bermatzeko pausoak ematea». Gainera, Tolosaldeko 28 herrietako 222 hautetsiek —asko Tolosako Plaza Zaharrean elkarretaratzean bilduta— egiten ari diren bidea txalotu nahi izan du: «Jarraitu oraingo bidetik, eta segi pausoak ematen, euskararen normalizazioaren mesedetan. Epai hauen aurrean herritarron hizkuntza eskubideak defendatzen jarraitu ezazue».

Azken eskariarekin amaitu dute Tolosako elkarretaratzea: «Euskarak justizia, lege-babesa eta arnasa behar ditu».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!