Tolosaldeko ospitale publikoa

EAJk harridura azaldu du EH Bilduk ospitale berriaren proiektuaz dituen «etengabeko inkoherentziengatik»

Ataria 2025eko uztailaren 17a

Ospitalea eraiki asmo duten Iurramendiko aparkalekua.

Jeltzaleen ustez, EH Bilduk ospitale berriari buruz duen jarrera «okerra eta ulertezina» da, eta proiektuaren alde dagoen ala ez argitzeko eskatu dio.

Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua joan den asteazkenean, uztailaren 9an, Tolosan izan zen, eskualdeko ospitale berria eraiki asmo den Iurramendiko aparkalekuan, eta bertan, ospitale berriaren inguruko xehetasunak ematearekin batera, eskualdeko alkateen ordezkaritza batekin bildu zen. EAJk gogoratu du alkateek publikoki adierazi zutela bat datozela Osasun sailaren planteamenduekin. «Hitzez hitz, eskaera horri irteera emateko konpromisoa eskertu zuten, eta poztu egin ziren azkenean Tolosaldeko osasun-arreta Donostia Ospitaleko osasun-profesionalen menpe egongo zelako». Halaber, jeltzaleek nabarmendu dute alde guztiak bat etorri zirela Asuncion Klinikako langileen gaiari heldu behar zaiola esatean.

Sailburuaren agerraldiaren ostean Tolosaldeko EH Bilduk zabaldutako oharrarekin harridura adierazi dute jeltzaleek: «EH Bilduren komunikatuak, lehenik eta behin, alkateak gaitzesten ditu, eta gaia hasierako puntura eramaten du berriro, etorkizuneko ospitalearen kokapenaren egokitasuna bera ere zalantzan jarriz».

EAJren ustez, EH Bilduk ospitale berriaren proiektuaren inguruan duen jarrera «okerra eta ulertezina» da. «Proiektuaren inguruan etengabeko inkoherentziak azaldu ditu, eta tamalez, jarrera honek agerian uzten du EH Bilduri ez zaizkiola konponbideak interesatzen, nahiago duela arazoetan kokatu, alderdikeriaz ustiatzeko».

EAJk azaldu du Tolosaldeko osasun-arretari dagokionez, «aspalditik» ari direla lanean gizartearen eskaerari «irtenbide positiboa eta eraikitzailea» emateko. «Paradoxikoki, konponbidetik gertuen gaudenean, EH Bilduk eta bere inguruak erresistentzia eta eragozpen gehiago aurkezten dituzte. Bada, «konponbide prozesuarekin» bat egitera gonbidatu dute EH Bildu, «konponbidearen parte izatera, arazoaren eta gatazkaren parte izan beharrean». «Nahikoa da kalkulatutako anbiguotasunekin eta zalantzak, atzerapenak eta luzapenak sortzearekin. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak mahai gainean jarritako eskualdeko ospitale berria eraikitzearen alde dagoen ala ez argitu behar du EH Bilduk», adierazi dute.

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!