UEMAren zuzendaritza batzordeko kideek agerraldia eskaini dute gaur, Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epaia salatzeko. Beste behin ere, Euskara bigarren mailako hizkuntza izatera kondenatu dutela esan dute, «izan ere, eskuin muturreko Vox alderdi espainiarraren eskariz, EAEko udal legearen dekretutik baliogabetutako artikulu gehienak atzera bota ditu Espainiako Auzitegi Gorenak ere eta, euskara lehenetsiz gero, hizkuntzen koofizialtasuna urratzen dela ebatzi dute sententzian». Epaiak udalerri euskaldunei eta euskaraz aritzen diren udalei eragiten dienez, elkarretaratzeko deia egin dute eta udalei, euskalgintzako eragileei eta herritarrei ere dei egin diete, epai hau salatzera eta euskaldunon eskubideen alde egitera larunbatean kalera atera daitezen. Eskualdeko elkarretaratzea Tolosako udaletxearen aurrean izango da, 12:00etan.
Nabarmendu dute euskara ez dela beste hizkuntza ofizialen parekoa, «ezta ofiziala den lekuetan ere. Europako Hizkuntza Gutxituen Sareak adierazi duen bezala, euskara larrialdi linguistikoan dago. Baita minorizazio gorrian ere, azken ikerketek erakutsi duten moduan. Izan ere, euskara jazarria, debekatua eta isildua izan da mendeetan zehar. Hizkuntzak ez dira galtzerdiak bezala galtzen. Desagerrarazi egiten dituzte. Euskararekin ere ahalegindu dira, eta gutxitu dute, baztertu dute, eta baita bigarren mailakoa bihurtu ere. Hori da gaur egungo egoera ulertzeko abiapuntua».
Euskal gizarteak eta euskal erakundeek, gehiengo zabalarekin, «euskarak dagokion lekua izan behar duela erabaki dutela» esan dute eta gutxitutakoa lehengoratzeko, normalizatzeko eta biziberritzeko ezinbestekoa dela euskara lehenestea, eta euskararen aldeko erabakiak hartzea, elebitasun simetrikoa gaindituta. «Parekidetasunik ezean, berdintasuna heriotza zigorra baita. Orekak ez du balio lurrean zaudenean. Horregatik lehenesten dugu euskara. Euskaldunak garelako. Euskara delako gure hizkuntza. Euskaraz garelako. Eta euskaraz izaten jarraitu nahi dugulako. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea gara, ez Udalerri Elebidunen Mankomunitatea. Euskarari dagokion lekua ematea euskararentzat justizia egitea baita. Zapaldua eta gutxietsia izan denari duintasuna itzultzea, eta egindako kaltea konpontzeko bidean jartzea».
Ezagutu berri den epaiak udal legea kimatu duela nabarmendu dute eta gehitu, ebatzi duela ezin dela neurririk hartu hizkuntza koofizialetako bat gailentzeko, horrek berak urratu egingo lukeelako koofizialtasuna. Epaia larritzat jo du UEMAk eta euskal gizartearen eta euskal erakundeen erabaki demokratikoaren aurkakoa ez ezik, azken hamarkadetako hizkuntza-politiken aurkakoa ere badela esan dute «euskara beraren ofizialtasuna ere zalantzan jartzen duelako, ondoan gazteleraren makulua ez duenean». «EAEko udal legeak hizkuntza eskubideak urratzen dituela dio Espainiako justiziak, beste behin ere euskaldunon hizkuntza eskubideak alde batera utzita. Gainera, bereziki udalerri euskaldunei eta euskaraz aritzen diren udalei eragiten die», gehitu dute.
Gogoratu dute ia UEMA sortu zenetik aritu dela Espainiako justizia udalerri euskaldunen jardunaren aurka, euskararen normalizazioa eta biziberritzea eragotziz, «ez ditugu ahaztu aktak euskaraz egiteko debekuak, udalak UEMAn sartzeko oztopoak eta epaitegien ezpatapean igarotako urte guztiak». Horregatik, UEMA osatzen duten 118 udalen eta horiek ordezkatzen duten 353.000 biztanleko lurgunearen izenean, eredu izatea eta erantzukizunez jokatzea dagokiela gogoratu dute, eta euskaraz jarraituko dutela adierazi. Izan ere, minorizazio gorrian eta larrialdi linguistikoan dagoen hizkuntzari dagokion lekua eman behar zaiola uste dute. «Justizia behar du euskarak, eta Espainiatik heldu dena, beste behin ere, ez da justizia, euskara bigarren mailara kondenatzen duen epaia baizik. Horregatik, aukera guztiak aztertu, eta prest gaude EAEko udal legea dagokion lekuan defendatzeko, baita Europako auzitegietan ere, zerbitzu juridikoek horretarako aukera ikusiz gero. Ez diogu uko egingo euskaraz aritzeari. Ez diogu uko egingo euskarak behar duen justiziari».